Kultur sorkuntza Aiaraldean

Bere lehen olerki liburua plazaratu du Leire Ugadik, eta Faktorian aurkeztuko du apirilaren 3an

Txabi Alvarado Bañares 2025ko mar. 24a, 12:55

Leire Ugadik urteak daramatza olerkiak idatzi eta argitaratzen.

Bere olerkien hautaketa bat plazaratu du idazle urduñarrak Simulakro bat liburuan, Elkar argitaletxearekin. 

Aspalditik darama Leire Ugadik olerkiak idatzi eta Interneten argitaratzen. Hainbat aldiz jaso du bere lanak liburu formatuan plazaratzeko proposamena, baina orain eman du urratsa, Elkar argitaletxearekin, Simulakro bat lana argitaratuta.

“Bizitza artezten duten egitura eta dinamikak” jorratu ditu idazle urduñarrak bere lehen bilduma fisikoan. Nabarmendu du ez duela pertsonez idazten, “egoerez” baizik,  eta hori ulertu behar dela “liburuaren murgildu” ahal izateko. “Bariazioak bariazio, egoerotan egon daitekeen edonorrekin elkartasuna adierazi nahiko nuke, eta egoerok konpontzeko elkartzera gonbidapen bat luzatu ere”, gaineratu du olerkari gazteak. 

Bere olerkien aukeraketa bat egin du Ugadik, egunean olerki bat idazten duelako bataz beste eta, gauzak hala, materiala duelako “5-10 liburu ateratzeko”

Bere lehen liburua orain plazaratu duen arren, urte asko daramatza Ugadik idazten. “Txikitatik asko irakurri izan dut, asko hitz egin ere, eta beharbada bi horien fusioagatik hasiko nintzen idazten: ipuin lehiaketak, olerkitxoak, mikroipuinak...”, oroitu du. Hala ere, “12 urte inguru” zituenean pasatu zen idaztea “errealitatea arakatzeko, kritikatzeko eta bertan eragiteko tresna proaktibo” gisa hartzera. “Esango nuke ideia asko ditudala buruan, baina oso buru kaotikoa da, batere antolatu gabea. Kostatzen zait diskurtso formal bat egituratzea, eta idazketa prozesuan badut aukera nolabait antolatzeko, forma emateko”, azaldu du.

Bere hitzetan, hiru urrats jarraitzen ditu horretarako: bizitzea (“zuzenean edo zeharka, nire larruan ala transmisioz”), ulertzea (“barneratuta eta egokituta dudan ikuspegi kolektibo batetik”) eta azaltzea (“formatu poetikoan”). Modu horretan, emaitzak “aldaketarako proposamen bat” barnebiltzen duela uste du Ugadik, “kutsu kritikotik eratorria”.

Ugadiren ustez, “nagitasunagatik” ez du lehenago salto egin papereko formatura, nahiz eta egunean olerki bat “erditzen” duen, bataz beste. “Materiala daukat beste 5-10 liburu ateratzeko eta sailkapen bat egin behar izan dut”, azaldu du idazle urduñarrak, eta aitortu du kostatu egin zitzaiola “hainbeste materialean murgiltzea, objektiboki baloratzea eta egituratzea”. Hala ere, “kanpo begiradaren baten laguntza” izan zuen prozesu horretan, “eta eskerrak”. 

Aurkezpena eta errezitaldia Faktorian

Leire Ugadik datorren apirilaren 3an aurkeztuko du bere liburua lehenbiziko aldiz eskualdean. Faktorian izango da aurkezpen eta errezitaldia, 19:00etan, Aiaraldea Komunikabideak antolatuta.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!