Arabako Eskolarteko Euskal Pilota Txapelketak irudi baikorra utzi du eskualdeko pilotazaleentzako. Txapelketako hiru kategorietako finaletara pilotari aiaraldearrak sailkatu ziren. Ez da ohikoa hainbeste tokiko kirolari batera iristea bakarkako finalera. Amurrion jokatu ziren partidak iragan martxoaren 23an.
Laudioko Herriaren pilota taldeko Gartzen Larrazabal eta Amurrioko Pelotazale Klubeko Hegoa Roiz, Julen Diaz eta Iñaki Zabaleta izan dira eskualdeko ordezkariak. Larrazabalek Txukun Lakua talde gasteiztarreko Aimar Biain izan du aurkari haurren kategoriako finalean. Roiz, aldiz, Zaramaga Pilota Elkarteko Irati Antolinen aurka neurtu da kategoria berdinean. Azkenik, Diaz eta Zabaleta elkarren aurka aritu dira, etxekoen arteko final bizian.
"Egindako txapelketaz harro nago, finalera iristea egundoko lorpena da”
Erreferenteen garrantzia
Martxoaren 23ko finaletan Gartzen Larrazabal izan zen kantxara atera zen eskualdeko lehenengo pilotaria. Aimar Biainek izan zuen iniziatiba norgehiagoka osoan, eta gasteiztarrarentzat izan zen garaipena.
Galdu arren, Oier Picon Herriaren taldeko entrenatzailea harro azaldu da Larrazabalek egindako lanarekin. “Finala ondo hasi genuen, baina urduritasunak gorputza hartu zion Gartzeni eta ezin izan zen bere ohiko jokoan sartu", aitortu dio Aiaraldea Komunikabideari, "egindako txapelketaz harro nago, finalera iristea egundoko lorpena da”.
Larrazabal ez da eskolartekoan aritu den Herriaren taldeko pilotari bakarra. Gaizka Sanchez final-laurdenetan erori zen txapelketatik; baina, kasu honetan ere, pilotari gazteak egindako lan ona goraipatu du Picon entrenatzaileak.
Laudioko entrenatzailearen ustez, gertuko erreferenteak izatea oso lagungarria da pilotari gazteen hazkuntzan: “Profesional mailan ditugu Iker Larrazabal eta Arkaitz Eskuza. Uste dut hori motibazio handia dela gure txikientzat. Pausoka pausoka badoaz gure pilotariak finaletara iristen. Poztekoa da hori”.
Neska gazteak kantxan tokia hartzen
Hegoa Roiz aiararrak ahalegin bikoitza egin behar izan zuen haurren kategoriako finalean. Izan ere, adinagatik kimu kategorian lehiatzen egon beharko luke. Baina, kategoria horren faltan, bi urte nagusiagoak diren pilotarien aurka neurtu da txapelketak iraun bitartean. Horrela egin zuen finalaren egunean ere.
Irati Antolinen aurka aurretik aritutakoa zen Roiz, eskolarteko txapelketan bertan. Aurreko norgehiagoka hartan 11 tantora iritsi zen aiararra, pilotari helduagoen aurrean ere maila baduela erakutsiz.
Final bizia jokatu zuten bi neskek Amurrion, oso parekatuta. Hamabosna berdinduta iritsi ziren bi pilotariak azken tantora. Azkena Antolinen alde izan zen, baina inork ezin izan zuen ukatu Hegoa Roizen meritua.
Amurrioko Pelotazale Klubetik aldarrikapena luzatzeko baliatu dute finala. Neska gazteek kantxan espazioa izan dezaten berebizikoa ikusten dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako neska pilotariak batuta txapelketa antolatzea. Izan ere, hiru lurraldetan daude pilotari faltan txapelketak osatzeko, batzuetan gabezia beste batzuetan baino agerikoagoa den arren. Amurrioko gurasoak prest azaldu dira alabak Gasteiz, Bilbo edota Donostira eramateko, horrek txapelketaren jarraikortasuna bermatuko badu. Gainera, federazioak bidaiak diruz lagundu ditzakeela adierazi dute ere.
Finean, neska pilotari gazteei pilotan jokatzeko espazioak eskaintzea da helburua. Geroz eta gehiago jokatu orduan eta gehiago haziko dira pilotari bezala.
"Julen Diaz eta Iñaki Zabaleta pilotari oso onak dira, Arabako onenak nire ustez. Asko hobetu dute azken urteetan"
Etxekoen arteko finala
Etorkizuneko gazteen finala Amurrioko klubeko bi pilotarien artekoa izan zen. Ondo ezagutzen dute elkar Julen Diazek eta Iñaki Zabaletak, eta horrek are biziagoa egin zuen igandeko finala. Iker Larrazabal pilotari profesionalak ere ondo ezagutzen ditu biak, eta amurrioarren maila altua goraipatu du Aiaraldea Komunikabidearekin hizketan: “Iñaki Zabaleta eta Julen Diaz txikitatik entrenatu ditut, txikitatik jolastu dut haiekin txokoan pilota goxuarekin. Pilotari oso onak dira, Arabako onenak nire ustez. Asko hobetu dute azken urteetan eta oraindik ere bide luzea dute aurretik”.
Zabaletak eta Diazek erraz irabazi dituzte eskolarteko txapelketako partida guztiak. Lagun onak dira kantxan zein kantxatik kanpo, eta elkarrekin jolasten igarotako orduek are biziagoa egin zuten igandeko euren arteko lehia. Diazek lortu zuen garaipena, Zabaleta 16-13 gaindituta.
Lanaren fruituak
Oso pozik azaldu da Iker Larrazabal eskualdeak eskolarteko txapelketan izan duen ordezkaritza zabalarekin: “Bakarkako txapelketa eskolartekoan dagoen txapelketarik zailena dela esango nuke. Zu bakarrik zaude kantxan. Finalean aritu diren sei pilotarietatik lau tokikoak izatea oso gauza polita da”, azaldu du Olabezarreko pilotariak.
Larrazabalen hitzetan, Aiaraldeko klubek egiten duten eguneroko lanaren emaitza da igandean Amurrioko finaletan ikusitakoa: "Gogor aritzen gara entrenatzen eta azkenean emaitzak iristen dira. Pilotari asko daude Aiaraldean, eta maila oso onekoak gainera. Lanena jarraitzea dagokigu”.