Elkarretaratzeak egin dituzte ikastetxeetan, Israelek azken egunetan eraildako haur palestinarrak gogoan

Erredakzioa 2025ko mar. 24a, 21:46

Euskal Herriko dozenaka hezkuntza zentrotan egin dituzte protestak, eta Isralekin harreman oro eteteko eskatu diete erakunde publikoei. 

"Urgentziazko elkarretaratzeak" egin dituzte gaur Euskal Herriko dozenaka ikastetxetan, Israelek azken egunetan ehunka zibil palestinar erahil dituela salatzeko, "gehienak haurrak". 

Hezkuntza komunitateko zein gizarte ehuneko eragile ugari batu dira deialdira: EHIGE (Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Konfederazioa), Ikastolen Elkartea, Publikoaz Harro, Arabako BDS, Gernika Palestina herri ekimena eta LAB, STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuak. 

Gure Haurrak ere Badira lemapean egin dituzte protestak. "Erailtzen ari diren haur hauek gure seme-alabatzat hartu ditugu, guraso horiek gure arreba-anai bezala sentitzen ditugu eta lau haizetara oihu egiten dugu: aski da!", aldarrikatu dute mobilizazioen ostean plazaratutako irakurketan. Horrekin batera, interpelazio zuzena egin diete gobernu eta erakundeei, "genozidio honen aurka argi eta tinko" lerratu daitezen, Israelekin harreman guztiak hautsiz.

Nabarmendu dutenez, Palestinan "denon etorkizuna dago jokoan". Izan ere, euren iritziz, Israelek "genozidio hau inpunitatez bururaino eramaten badu, gizateriaren etorkizuna iluna, oso iluna, izango da". 

Argazkiak: Naia Valleko Torres, Aresketa Ikastola eta Gure Haurrak ere Badira ekimena

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!