Kalean da honezkero Aiaraldea Hemen hamabostekariaren zenbaki berria, 214. zenbakia alegia. Gai ugari jorratu ditugu agerkariko 32 orrialdeetan. Harrera familien errealitatea ekarri dugu azalera, Arrankudiaga-Zolloko bi familien esperientzia jasoz. Ehunka adingabek dute Hego Euskal Herrian harrera familia baten beharra, eta 'Apunteak' ataleko infografia berri batean bildu ditugu eskura dauden baliabide, datu eta informazio iturriak.
Bestelako gaiak jorratu ditugu ere: Madalen Artetxe bakarlariari elkarrizketa egin diogu, Amurrioko Trot-Art eta Euskotarrak kuadrillak elkartu ditugu euren 60. urteurrenarekin bat eginez...
Hezkuntza gehigarria
Aiaraldea Hemen hamabostekariak zortzi orriko gehigarri berezia dakar oraingoan. Ikastetxeak Haur Hezkuntzako eta Batxilergoko aurrematrikulazioan daude murgilduta. Gauzak hala, eskualdeko hezkuntza eskaintza jaso du Aiaraldea Komunikabideak gehigarrian, baita hezkuntza komunitatearekin lotutako zenbait eduki interesgarri ere.
Hauek eta beste hainbeste gai aurkituko ditu irakurleak Aiaraldea Hemen hamabostekariko orrietan. Datozen egunetan banatuko da hamabostekaria eskualdeko saltoki, taberna, ikastetxe, kulturgune, liburutegi eta kaleetan, doan.