Bazkidetza kanpaina berria jarri du martxan Euskal Preso, Iheslari eta Deportatu Politikoen gizarteratzearen alde lan egiten duen Harrera Elkarteak. Elkartearen jardun asistentziala finantzatzeko "milaka pertsona solidarioren beharra" dutela azaldu dute, eta harpidedun berriak bilatzeko lanean ari dira.
Goxoki kutxak, harreraren ikur
Euskal Herriko hainbat artistaren sorkuntzekin apaindutako metalezko goxoki kutxek salduz irudikatuko du Harrera Elkarteak elkartasun keinua. Elkarteko kideen hitzetan, munduko ia kultura guztietan errepikatzen den harrera eta elkartasun keinua da etxean jasotzen diren bisitei goxokiak edota janaria eskaintzea, eta horri egin nahi izan diote erreferentzia.
Horretarako Dora Salazar, Zumeta, Irantzu Lekue, Eider Eibar, Gorriti eta Gonzalo Etxebarriaren lanekin apaindu dituzte metalezko kutxak, baita hainbat artisten abesti eta olerkiekin ere, hala nola Aiora Renteria, Brigade Loco, Amets Arzallus eta Jon Maiaren hitzekin. Kutxa barruetan goxokiak topatzeaz gain, Harrera Elkarteko bazkide izateko inprimakia ere aurkituko dute kutxak erosten dituzten herritarrek.
Aiaraldean ere egongo da bazkidetza kanpainan alea jartzeko aukera. Apirila eta maiatzeko azoka egun garrantzitsuetan postua jarriko dute Harrera Elkarteko kideek, kutxak saldu eta bazkide berriak egiteko asmoz. Hauek dira bazkidetza kanpainarekin bat egiteko hitzorduak:
- Apirilak 11: Laudio - Dolumin Barikuko azoka
- Maiatzak 25: Amurrio - Txakolin Eguneko azoka
- Ekainak 1: Urduña - Euskal Eskola Publikoaren jaia
Harrera Elkartearen lana
Eremu anitzetan jarduten du Harrera Elkarteak. Euskal Preso, Iheslari eta Deportatu Politikoen espetxetik atera edo erbestetik Euskal Herrira iritsi ostean eguneroko bizitzan aurre egin behar dieten arazoak konpontzea da elkartearen asistentzia-lanaren helburu nagusia. Alde batetik asistentzia juridikoa eta administratiboa eskaintzen du Harrerak, gizarteratze prozesuak dituen izapide administratibo guztiei aurre egiteko: egiteko: Gizarte Segurantzan alta eman, lan egiteko adinean ez badago bere kotizazioa aztertu, Nortasun Agiria eta Gidabaimena berritu, erroldatzea egin, Osasun Txartela atera, pentsio edo diru laguntzak jasotzeko eskubidea izan dezan aholkatu...
Espetxean edo deserrian jasotzen den mediku arreta "oso eskasa izan ohi da" Harrera Elkartearen hitzetan. Hori dela eta, itzultzen diren horiek, gehienetan, gaixotasunen batekin datoz bueltan. Harrera Elkarteak, osasun publikoan jasotzen duten arretaz gain, psikologoak, haginlariak, optikoak eta beste profesional batzuk eskaintzen dizkie pertsona hauei.
Azkenik, lana bilatzeko laguntza eta laguntza ekonomikoa ere eskaintzen ditu elkarteak. "Egoera ekonomikoak guztioi eragiten digu, baina kolektibo honi bereziki. Espetxetik irteten direnek edo erbestetik datozenek ez daukate ondarerik. Horri aurre egiteko, Harrera Elkarteak ekonomikoki laguntzen die kalean ematen dituzten lehen hilabeteetan", azaldu dute Harrerako kideek. Elkarteak eskainitako datuen arabera, orain arte 200 lagunek baino gehiagok aurkitu dute lana Harreraren bitartekaritzari esker.
Egoera berria
Dispertsio politikaren amaierak, agertoki eta erronka berriak ekarri dizkio Harrera Elkarteari. Iraganean presoak lehen graduan egotetik kalera ateratzen ziren zuzenean. Gaur egun, ordea, askoz progresiboagoa da presoek kaleratze prozesua: gradu aldaketetatik eta erdi askatasun egoeratik igaroz. Gainera, azken urteetan nabarmen hazi da euren zigorrak bete izanagatik kalera atera diren preso kopurua. 2018an 300 ziren Espainiar eta Frantziar espetxeetan zeuden euskal presoak; gaur gaurkoz 122 dira.
"Errealitate berri honek, Harrera Elkartea egoera berriak kudeatzera eraman du: espetxetik atera eta itzultzeko garraioa, bazkaldu edo atseden hartzeko lekuak, arreta mediku edo psikologikoa edo beste mota batzuetako laguntza asistentziala", nabarmendu dute elkartetik.