Kalean da Aiaraldea Hemen hamabostekariaren 215. zenbakia. Honakoa, ordea, ez da nolanahiko zenbakia. Izan ere, Aiaraldea Komunikabidearen 15. urteurrena probestuz, aldizkari monografikoa ekoiztu dugu, egindako bide oparoa balioan jarri eta etorkizuneko erronka berriak aletzeko.
Eskualde bat, Aiaraldeak hamabost
Apirilaren 17an beteko dira 15 urte Aiaraldea Komunikazio Leihoa Amurrioko Juan Urrutia plazan egindako ekitaldi publikoan jendaurrean aurkeztu zela. Kontaezinak dira urte guzti hauetan jorratu ditugun albisteak, egin ditugun elkarrizketak... Baina hurbilpen bat egiten ahalegindu gara. Proiektuaren bilakaera jorratzen duen kronograma xehe bat edota azken hamabost urteetako gai nagusien birpasa topatuko ditu irakurleak agerkariaren 32 orrietan.
Herritarrei ere eskatu diegu komunikabideari buruzko iritzia. Zer ekarpen egin dio Aiaraldea Komunikabideak eskualdeko euskalgintzari? Eta tokiko komunikazioari? Paperaren aurrean idazten jarri ditugu Andoni Aldekoa EITBko zuzendaria, Txani Rodriguez idazlea, Ane Arandia katedraduna edota Idoia Camacho ikerlaria, besteak beste.
Datu bat. Ba al zenekien Aiaraldea Ekintzen Faktoriak jasotzen duen diru publikoko euro bakoitzeko, 11,37 euroko balioa sortzen diogula gizarteari? EHU eta Deustuko Unibertsitateko ikerlari talde batek proiektu orokorraren balantze soziala egin dute. Guk datuak bildu eta infografia eta elkarrizketa mamitsu batean plazaratu ditugu hamabostekarian.
Boluntarioei aitortza
Ezin hamabost urteko birpasa egin komunikabideko boluntario eta kolaboratzaile sare erraldoiari aitortzarik egin gabe. Boluntarioen txokoa atondu dugu hamabostekarian, dozenaka herritarren inurri lana eskertu eta goraipatzeko asmoz. Josu Zabala banatzailea eta Chris Gomez argazkilaria izan dira gure lehenengo protagonistak.
Datozen egunetan banatuko da hamabostekaria eskualdeko saltoki, taberna, ikastetxe, kulturgune, liburutegi eta kaleetan, doan.