Udalerri ezberdinetakoak izanda ere, bata bestearen ondoan dauden bi herri dira Saratxo eta Lendoñobeiti. Geografiak eta eskualdeko komunikazio-bide nagusiek, baina, bata bestearengandik banatuta mantentzen ditu egunerokoan.
Lendoñobeiti eta Saratxoko herritarrek harreman estuak mantentzen dituzte, ordea. Garai batean garrantzia handiagoa izan zuen Karduras basabideak lotuta eusten ditu Amurrio eta Urduñako bi herrixkak oraindik ere.
Senidetza martxa eta bazkaria
Senidetza hori ospatzeko, urteroko hitzorduari eutsi eta mendi-martxa eta herri-bazkaria egin zituzten bi herrietako auzokideek iragan martxoaren 22an.
Eguraldi euritsuak ez zituen bertaratutakoen animoak apaldu. Goizean goiz, Saratxo abiapuntu hartuta,. bi herriak banatzen dituen Atxondo mendira igo ziren alde bateko zein besteko auzokideak. Bazkalorduan, aldiz, hogeita hamar lagun baino gehiago elkartu ziren Lendoñobeitiko Sagartza txokoan, Aiaraldeko herri txikiak bizi-bizirik daudela aldarrikatzeko.