Xabi Ramos natura-argazkilariaren Aiaraldeko eta Gorbeiako Altxorrak erakusketa berriz ere helduko da eskualdera, urtarrilean Orduña Hiria Museoan ikusgai egon eta gero. Amurrioko La Casona aretoan egongo da oraingoan, eta apirilaren 25ean egingo dute inaugurazioa, 19:00etan. Asteartetik ostiralera bisitatu ahalko da, 10:00-14:00 eta 17:00-19:00ko ordutegian.
Arabako biodibertsitate oparoa, argazkitan
"Beren pisuagatik erortzen diren zuhaitzak, iraungipenera kondenatutako tximeleta, ugaltzeko intsektuak imitatzen dituzten loreak eta hogei gramo eskaseko hegazti txiki bat, urtean hamar mila kilometro baino gehiago egiten dituena". Autorearen hitzak dira horiek, Aiaraldeko eta Gorbeialdeko biodibertsitate ugaria 42 argazkitan jaso baitu, bertako paisaia, fauna eta flora hilezkortzen.
10 urte baino gehiagoko ibilbidea
28 urte ditu Xabier Ramosek, eta dagoeneko hamar baino gehiago daramatza kamara eskutan eskualdetik barrena zein urrutiko paisaietan momentu bereziak iruditan jasotzen.
"Proiektu honen helburua ingurune gizatiartu honen aberastasuna eta natura ondarea goraipatzea da, eskualde horietako paisaia, fauna eta botanika bioaniztasunaren lagin baten bidez erakutsiz", azaldu du argazkilari okondoarrak.