Aiaraldeko Bizikletea emakumezkoentzako txirrindularitza taldea sortu berri dute, Elkarrekin ibilbidea konkistatzen lemapean. Ez da talde federatua, zaleak biltzeko egitasmoa baizik, emakumeek elkarrekin har ditzaten errepideak zein mendi bideak.
Duela astebete inguru zabaldu zuten egitasmoa eta jadanik 40 lagunek eman dute izena. Interesdunak @tibiri_travels Instagram profilarekin harremanetan jar daitezke ekimenera batzeko.
Emakume ororentzako planak
Maiatzan izango da lehen irteera eta Esti Orcasitas bultzatzaileak aurreratu du helburua dela emakume guztiek izatea tokia: "Hasiberrientzako, amak direnentzako edota exijentzia handiko kirolarientzako proposamenak egin nahi ditugu, ahalik eta emakumezko gehien batu daitezen".
Horrela, elkar ezagutzeko baliatuko dituzte lehen aste hauek, baita maiatzeko hitzordua ondo prestatzeko ere. Etorkizunean maizago prestatu nahi dituzte irteerak, parte hartzaile guztien nahiak asetzeko. "Xedea da guztiak gustura sentitzea. Ibilbide bakoitzarekin argituko dugu zein maila izango duen. Hasiberriek, berriro hartu dutenek edota amak direnek planak izango dituzte", aipatu du Orcasitasek.
Estibaliz Orcasitas
Egitasmoaren atzean Estibaliz Orcasitas gasteiztarra dago. Orain Aiaraldean bizi da eta Arabako hiriburuan izandako esperientzia eskualdera ekarri nahi du: "Ni, emakume asko bezala, aitarekin ibiltzen nintzen bizikletan eta gero bikotearekin egitera igaro nintzen, baina duela hiru urte Landako urtegian emakumeek osatutako tropel handia ikusi nuen. Euren mailloteko izenaren bitartez taldearekin jarri nintzen harremanetan eta sartu nintzen. Sentitu nuen nire gustu bereko emakumeekin elkartzea posible zela eta hori jarri nahi dut abian Aiaraldean".
Izan ere, kirolariaren aburuz, emakume txirrindulari asko daude eskualdean, baina gutxitan ikusten zaie elkarrekin errepidea edo mendia hartzen. Horren adibidea da astebete eskasean 40 emakumezko batu direla taldera, "asko dira, baina askoz gehiago falta dira", adierazi du Orcasitasek.