Eskualde bat, Aiaraldeak hamabost!

Aiaraldeak 15 urte: Komunikazio Leihotik Ekintzen Faktoriara

Erredakzioa 2025eko apirilaren 17a

Amurrioko Juan Urrutia plazan aurkeztu zen jendaurrean proiektua duela hamabost urte. / Aiaraldea.eus

Hamabost urte bete ditu gaur Aiaraldea Komunikabideak. 2010eko apirilaren 17an jendaurrean aurkeztu genuen Aiaraldea Komunikazio Leihoa, tokiko errealitatea euskaratik eta euskaraz kontatzeko tresna. Etengabeko metamorfosian murgilduta egon da proiektua, eta hala jarraitzen du oraindik ere; Aiaraldea euskalduna ehuntzea eta saretzea xede.

Gaur bertan, apirilak 17, hamabost urte bete dira Aiaraldea Komunikazio Leihoa ireki genuenetik. Eskualde osoko 50 pertsona boluntarioen ekimen eta inplikazioari esker, Aiaraldea.com webgunea jarri genuen martxan orduko hartan, urte batzuk geroago Aiaraldea.eus gisa berrizendatu zena.

Gaur egun, webgune anitz bat (Aiaraldea.eus), papereko edizio zabal bat (hamabostekaria, udako jaietako aldizkari berezia eta urtekaria) eta sare sozial ugari ditu proiektuak, euskarazko tokiko hedabide bakar eta erreferentea bihurtuta.

Baina ez ginen hor gelditu. 2015. urtea inflexio puntu garrantzitsua izan zen gure bide zoroan. Bost urteko ibilbidea beteta, hurrengo bosturterako Gogoeta Estrategikoa abiatu genuen. Ondorio esanguratsuak atera ziren hausnarketa prozesu luze horretatik. Ondorioztatu genuen ordura arte gaztelerazko errealitate baten berri euskaraz ematera mugatu ginela Komunikabidearen bidez, eta bazela unea urrats bat gehiago eman eta Aiaraldean euskaraz bizitzeko tresna berriak martxan jartzeko.

Gauzak hala, langile zein boluntarioek erabaki estrategiko garrantzitsu bat hartu zuten: proiektuaren irismena dibertsifikatzea, lan-lerro berriak irekiz. Hastapenean euskararen biziberritzea komunikazioaren esparruan kokatzen bagenuen ere, ordutik aurrera bizitzako esparru guztietan euskaraz egituratuko ziren alternatiba eraldatzaileak lantzea erabaki genuen.

Laburtzen zaila bada ere, hau guztia eta gehiago egin dugu azken hamabost urteetan:

2009

Boluntario talde bat elkartu eta euskararen normalizazioan eragiteko euskarazko komunikazio proiektu bat sortzea erabaki genuen auzolanean. Lehen egoitza Uhinak Irrati librearekin partekatu genuen, Laudion.

2010

2010eko apirilaren 17an Amurrioko Juan Urrutia plazan aurkeztu genuen Aiaraldea Komunikazio Leihoa. 50 bat boluntariok (erredaktore, web igeltsero, argazkilari...) Aiaraldea.com markapean multimedia webgunea plazaratu genuen ekitaldi jendetsu batean.

2011

Boluntarioak areagotu eta komunikazio tresnetan trebatzeko Udazkeneko Multimedia Eskolak sortu genituen lehenbizikoz. Udako lehen argazki lehiaketa ere 2011n antolatu zen. Horrez gain, Denok dugu intxaur bat poltsikoan bazkidetza eta babes kanpaina jarri zen abian.

2012

Aiaraldeko bederatzi udalekin Instituzioen Kontseilua eratu eta euskararen sustapenean eragiteko udal hitzarmenak sinatu genituen lehenbizikoz. Bestalde, Aiaraldea Internet Irratia aireratu genuen, bi urte iraungo zuena uhinak astintzen.

2013

2013an Aiaraldea Hemen hamabostekariaren lehen alea kaleratu genuen, hamasei orritan 40 gramo euskaraz hamabostero lau haizetara zabalduz. Geroztik 10.000 ale banatzen dira doan
eskualde osoan banatzaile boluntarioei esker.

2014

2014an Aiaraldea Herri Elkargoa eratu genuen, bazkide eta kideen ekarpenak biltzeko dinamika. Bidenabar, Komunika S.L. enpresa sortu genuen, zerbitzu lerroa profesionalizatu, eta egitasmo orokorraren askitasuna bermatzeko.

2015

Aiaraldea 2015-2020 Gogoeta Estrategikoa bukatu zen, hilabetetako parte hartze saioen ostean. Jaiaraldea festa ere gozatu genuen, Bost eta bost hamaika! lemapean urtemuga ospatuz. Ildo beretik, euskalgintza artikulatzeko harreman dinamika hasi genuen. Horrez gain, elkarteak Merezimenduzko Argia Saria jaso zuen lehenbizikoz.

2016

2016ko udaberrian Jalgi ekimena antolatu genuen bizpahiru astez berroegitik gora kultura ekitaldi burutuz. Helburua? Euskara hutsezko kultura eskaintzak herri guztietako plazetara eramatea, nazio zein euskualdeko sortzaileen elkarrekintzak ahalbidetuz. Aiaraldeko Eusklagintza Kontseilua eratu zen ere, 42 eragileren artean.

2017

Aiaraldea aldatzen ari gara prozesua abiatu zen: elkartea irabazi asmorik gabeko Kooperatiba bilakatu genuen, eta egun Faktoria kokatua dagoen pabilioia erosi.

2018

Lau lan ildo berri jaio ziren Hezkuntza, Feminismoa, Ekonomia Sozial Eraldatzailea  Eta Elikadura Burujabetza. Bestalde, Aiaraldeko I. Azoka Soziala antolatu zen Faktorian,
asteburu osoko egitarauarekin.

Aiaraldeko Emakumeen* I. Topaketa Feminista antolatu zen Faktorian. Bertako obrek iraun bitartean, lantegi barruan hainbat kultur emanaldi (eta afari) eskaini ziren, Obretan Irekia dinamikapean. Bidenabar, Arabako Lazarraga Saria eman zioten Kooperatibari, euskararen aldeko lanagatik.

2019

2019an Hezkuntza ildoa egituratzearekin batera, Arimen Gaua lantzeko ikas material pedagogiko ugari sortu zen, atsotitzetan oinarritutako kanta eta bideoklipa barne; gerora, Euskal Herri mailan ezaguna bilakatuko zena.

2020

2020an heldu zen Aiaraldeko Emakume Sortzaileen I. Azoka, geroztik urtero errepikatzen dena. Hilabete gutxitara lehertuko zen mundu mailan eta Aiaraldean COVID-19 birusak eragindako pandemia. Ekonomatua ireki zuen orduan Basalarrinan Elikadura ildoak, tokiko produktu ekologikoen salmenta oinarri.

Aiaraldea K@Ntu K@Ntari eskualdeko herrietako historian oinarritutako kantu bilduma sortu zuen Kokorikok bailarako sortzaileekin elkarlanean. Bestalde, mugak gaindituz, Ekuadorrera bidaia egin zen Garabiderekin, hizkuntza gutxituen biziberritzean euskararen esperientzia partekatzeko kitxua komunitateari. Bestalde, Faktoriaren kudeaketa ereduaren eztabaida eman zen boluntario askoren artean.

2021

2021eko maiatzaren 15ean zabaldu genituen Faktoriako ateak, Ekonomatu, etxola gune eta beste hamaika eskaintzarekin. Hurrengo asteetan aurkezpen sozialak eta sektorialak burutu ziren proiektua eta espazioa ezagutarazteko. Komunikabideak, bere aldetik, Prentsaren Argia Saria jaso zuen, 2021. urtean Tubacexeko greba mugagabearen jarraipenagatik. Horrez gain, Kultur Ildoa aktibatu zen, espazio berriko kultura eskaintza areagotzeko.

2022

Faktoria espazioak hainbat arkitektura sari eskuratu zituen (Euskal Herriko EEHAO Saria eman zioten Behark bailarako enpresari Faktoriako obragatik, besteak beste). Ildo beretik, Rikardo Arregi Sariaren finalista aukeratu zuten Aiaraldea Komunikabidea, urteetako lana goraipatzeko asmoz. Feminismo ildoak, aldiz, BOR-BOR elkartea eratu zuen, ildoaren askitasuna areagotzeko.

2023

Energia komunitatea jarri zen martxan eguzki plakak medio Faktoriako teilatuan argindarra ekoitziz (Goienerren laguntzarekin). Zernahi gisaz, Gogoeta Estrategiko Berriketa prestatzen igaro zen urtea, Aiaraldea Ekintzen Faktoriak 2030 urteari begira jarraitu beharreko ipar edo norabidea komunitatearekin adosteko!

2024

Amurrioko Udalak hamabi urtez indarrean egondako dirulaguntza kendu zion Aiaraldea Komunikabideari. Erabakiak euskarazko komunikabidearen aldeko elkartasun olatua altxatu zuen, 1.700 elkarte, eragile eta norbanakoren atxikimenduak bilduz. Herritarren eskaerari entzungor egin eta komunikabideari erantzun gabe jarraitzen du gaur-gaurkoz tokiko gobernuak.

2025

Madalen Artetxe musikari amurrioarra protagonista zuen bideoak iragarri zuen priektuaren 15. urteurrena, begiak ireki eta eskualde euskaldun baten alde amesten jarraitzeko dei eginez. Eskualde Bat, Aiaraldeak Hamabost! 15 urteak ospatu eta hurrengo hamaikak diseinatzen igaroko dugu urtea Gogoeta Estrategikoaren baitan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide