Hamabost urte hauetan Erbitik Laudioko Zumalakarregi etorbidera edota Okondoko San Bartolome auzotik Urduñako Foru Plazara; gure arteko distantziak laburtu eta elkar ezagutzeko leIhoa zabaldu ditugu Aiaraldea Komunikabideko kazetariok. Nekez laburtu daiteke orain arte egindako bidea. Baina egin dugu denboran atzera eta haritik tira egiteko ahalegina, etorkizunean ere Aiaraldea korapilatzen jarraitzeko asmoz.
Gu eguraldiaz nola, eguraldia gutaz
Zeruari so ekin zion Aiaraldea Komunikazio Leihoak eskualde luze zabalean gertatzen zena jasotzeari. 2010eko neguan gertatutako elurte bat izan zen komunikabideko kideok ekoiztutako lehenengo bideo-erreportajea. Bideo-kamera handi bat soinean Aiaraldeako errepideetan barrena egin genuen bidaia, zuritutako paisaiak bisitatuz.

Elurte, uholde edota sargori; hainbatetan eskaini diogu espazioa Aiaraldeko meteorologiari, eguraldiaz ere hitz egin beharra dagoelako. Bide horretan ezinbesteko izan ditugu herriz herrikako berriemaile eta boluntario prestuak.
Herritarren bozgorailu
Zerura begira egon edo ez, oinak lurrean izaten ahalegindu gara Aiaraldea Komunikabideko kideok. Herritarren ezinegon, kezka eta aldarrikapenei bide emateko tresna izan dira gure webgunea, sare sozialak edota hamabostekaria.

Hamaika protesta eta ekimenei eman diegu oihartzuna. Horien artean 2019an Artziniega Museoaren alde ehunka herritarrek egindako elkarretaratzeak, Laudioko Hiltegiaren aldeko baserritarren mobilizazioak edota gazte amurrioarrek gaztetxe baten alde egindako ekimen eta manifestazioak. Herrigintzaren tresna dinamikoa bilakatu da komunikabidea.
Eskualdea astindu zuten egunak
Protestez ari garela aprobetxatuz, nola ahaztu 2021ean Aiaraldea astindu zuten egun horiek. Tubacexeko greba mugagabea 236 egunez luzatu zen. Tentsio handiko egunak izan ziren haiek. Hedabide handien zarata mediatikoaren gainetik, bertatik bertara jarraitu genuen Aiaraldea Komunikabideko kideok lan-gatazka.
Elkarrekin ospatzeko hamaika kontu
Baina ost urte hauetan dena ez da protesta eta salaketa izan, ezta pentstau ere! Ospakizunerako tartea ere hartu dugu aiaraldearrok, eta momentu alai horietan ere Komunikabideak ez du hutsik egin. Milaka adibide jar genitzazke: Puntazo Egunak, hezkuntza komunitatearen jaiak… Gogoratzen 2016an Orozkon ospatutako euskal ezkontza hura?

Festarik festa
Eta ospakizunen artean ospakizunik badago hori herri eta auzoetako jaiak dira. Izan Otxomaio, San Antolin, Erretes Tudelako jaiak... Han hemenka ikusiko gintuzuen, argazki kamera eskutan edo Reber Ahatearen konpainian akaso. Zenbat tona bideo eta argazki!
Nor da nor?
Ospetsu edo ezezagun. Ehunka bizilagunei eskaini dizkiegu ahotsa eta espazioa Aiaraldea Komunikabidearen aterkipean. Mundu guztiak dauka entzutea merezi duen istorio bat, eta gu bertan izan gara beti, entzuteko prest. Kulturgileak, bidaiariak, artisauak, merkatariak, irakasleak, ikasleak, alkateak, erizainak… Guztion artean osatzen dugun komunitate honetan, denok dugu zeresana!
Zubiak eraikiz, distantziak laburutuz
Hamabostero-hamabostero, Aiaraldea atzean utzi eta atzerrira jo dutenei zein bizitza berri baten bila eskualdera etorri direnei ahotsa eskaini diegu. Hango eta hemengo kontuez hitz egin eta gure arteko distantziak laburtu ditugu horrela; aiaraldearron arteko zubi berriak eraikiz.
Txapeldunen lehian denok dugu tokia
Eskualde kirolaria garenik ezin ukatu. Dozenaka ekintza antolatzen dituzte urtean Aiaraldeko bederatzi udalerrietako kirol elkarte anitzek, gustu eta adin guztientzat gozagarri: lasterketak, mendi-martxak, gimnasia-ikuskizunak, hockey partidak… Eskualde txikia gara, baina hainbeste kirolariren artean nola ez ginen ba gu ere elite mailara iritsiko?
Feminismoaren olatuan
Azken hamabost urteetan mugarririk izan bada, hori feminismoaren garapen eta mobilizazio olatu erraldoia izan da. Bide horretan komunikabidea bidelagun izan du Aiaraldeko Mugimendu Feministak, ahalduntze eta eraldaketa prozesu etengabean.
Euskalgintza iparorratz
Euskarari zor diogu garena. Euskaratik eta euskaraz komunikatzeko eta bizitzeko anbizioarekin jaio zen Aiaraldea Komunikabidea, eta horretan darraigu. Asko dira euskalgintzak eskualdean bizi izan dituen uno gogoangarriak. Bat aipatzearren: 2016an euskararen haize-errotek Amurrioko Jaun Urrutia Plaza hazie ufadez bete zutenekoa.

Eguneroko gatza eta piperra
Funtsean aiaraldearron eguneroko bizitzaren kontakizun ahalik eta gertukoena eskaintzen saiatu gara hamabost urte hauetan, eta ez dugu espaloitik jaisteko inolako asmorik. Farola bat matxuratzen den edo katu bat galtzen den aldiro, bertan izango gara Aiaraldeako kazetariak.
