Hasi da argindarra itzultzen eskualdera, ia lau orduko etenaldiaren ostean. 18:00etarako Aiaraldeko udalerri askotara iritsi da korrontea, eta falta diren tokietan hurrengo orduetan heltzen ari da.
Urduñako, Amurrioko eta Arespalditzako biztanleek adierazi dute 21:00ak baino apur bat lehenago hasi dela berriro zerbitzua funtzionatzen. Aipatzekoa da Arespalditzako kasua, ezbeharra gertatu arren, San Prudentzio ospatu baitute eta herritar batek Aiaraldea Komunikabideari azaldu dionez, sekulako giroa egon da Patxi Perez eta Konpainiaren dantza plazan.
Iberiar penintsula osoari eragin dio gaur eguerdian jazotako argindar mozketak, eta Aiaraldean ere izan ditu hainbat ondorio. Laudion, adibidez, larrialdi zerbitzuek Jose Matia kalera jo behar izan dute, igogailuan harrapatuta geratu diren herritarrak laguntzera, goiko irudian ikus daitekeen moduan.
Aiaraldea Komunikabideak jakin izan duenez, eskualdeko beste toki batzuetan ere geratu da jendea harrapatuta igogailuetan. Adibidez, Amurrioko herritarrek jakinarazi dute larrialdi zerbitzuek San Anton plaza alboko igogailutik gizon bat atera dutela eta anbulantzia baten beharra egon dela.
Semaforoak itzalita
Korrontera konektatutako gainontzeko gailu elektronikoak bezala, semaforoak itzali egin dira herriguneetan, eta horrek tentuz ibili behar izatera eraman ditu gidariak, aparteko istripu edo arazorik jakinarazi ez den arren.
Eskualdeko toki batzuetan, aldiz, ez dute ezer nabaritu, Zuhatzan adibidez, elektrizitate sorgailua dutelako.
Industrian ere eragina
Esparru ekonomikoan ere agerikoa izan da itzalaldiaren ondorioa. Hainbat lantegitan jarduera eten dute eta Tubos Reunidos enpresan, esaterako, ekoizpena gelditu dute, nahiz eta elektrosorgailuak baliatu dituzten zerbait lan egiteko.
Tren zerbitzua etenda, alternatibarik gabe
Tren zerbitzua ere eten da argindarra joan denetik, eta Renfek ez du autobus zerbitzurik jarri. Are gehiago, enpresa publikoak iragarri du gaur ez dela aldiriko zerbitzurik egongo aldiriko ezta gainerako lineatan.
Tentsioa apurka-apurka berreskuratzen
Red Electrica Españolak adierazi du jardunean ari dela zerbitzua berriro ezartzeko eta sektoreko enpresekin ari dela elkarlanean. Halaber, gertakariaren arrazoiak aztertzen ari direla ere aipatu du. Azaldu dutenez, tentsioa berreskuratzen ari dira estatuko iparralde eta hegoaldean, eta horrek aukera emango du elektrizitate zerbitzua progresiboki berreskuratzeko.