Mila plaza baino gehiago egongo dira Laudio eta Amurrioko Udalen udaleku irekietan

Txabi Alvarado Bañares 2025ko api. 29a, 13:39

Askotariko jarduerak egingo dituzte udaleku irekietan.

Laudion datorren astean hasiko da izen ematea, eta Amurrion zerbitzua lizitatuko dute aurki.

1.118 plaza egongo dira orotara Laudio eta Amurrioko udalek egingo dituzten udaleku irekietan. Bi herrietako ekimenak izango dira euskara hutsez, eta ekainetik uztailera bitartean egingo dira. 

Laudion, izen ematea datorren astetik aurrera

Laudion datorren asteko astelehenean irekiko dute izena emateko epea, maiatzaren 16ra arte. 50 plaza eskainiko dituzte  2009 eta 2014 urteen artean jaiotakoentzat, eta beste 576, aldiz, 2015 eta 2021 urteen artekoentzat, 144 plaza asteko. 

Plazen %5 gordeko dira behar bereziak dituzten pertsonentzat, eta beste horrenbeste "egoera zaurgarrian dauden eta udaleko Gizarte-zerbitzuek zuzenean artatzen dituzten haurrentzat".

Izen emateak eskainitako plaza kopurua gaindituko balu, zozketa egingo lukete maiatzaren 26an, 12:30ean, Herriko Plazako Erabilera Anitzeko Aretoan.

Bost asteko iraupena izango dute udalekuek orotara, ekainaren 23tik uztailaren 24ra. Horrez gain, astean txango bat izango dute, eta 15 euroko kostua.

Uztailean izango dira bi udalerrietako udalekuak.

Amurrion, lizitazio bidean

Amurrion 5 eta 12 urte bitarteko 348 adingaberentzako tokia izango dute udalekuetan. Urtero bezala, "Oporretan ere Euskaraz" izena jarri diote programari, eta "ikasleen artean euskararen ahozko erabilera indartzea" izango da helburu nagusia, Udalak berak zehaztu duenez.

Mendiko Eskolan garatuko dute ekimena, eta "talde-dinamikak, egun osoko irteerak eta familiak inplikatzen dituzten jarduerak" egingo dituzte, "generoaren eta inklusioaren zeharkako ikuspegiarekin". 

Hala azaldu du Txerra Molinuevok. "Euskararen erabilerarako espazio informalak sortzen jarraitzeko beharra” nabarmendu du alkateak, “gazteen artean batez ere”.  

Zehazteke dute zerbitzua nork emango duen, lehiaketa egingo baitute horretarako. Aurrekontua gehienez 151.125,82 eurokoa izatea aurreikusi dute, eta ia 40 begirale kontratatzea orotara. Langile espezializatuak egongo dira tartean, behar bereziak dituzten haurrentzat.

10:00etatik 13:00etara egingo da programa, astelehenetik ostiralera. Egun osoko bi irteera egitea aurreikusi dute, eta baita “hainbat jarduera osagarri” ere. Besteak beste, familiekin ekintzak egitea planteatzen dute, “etxean ere euskararen erabilera sustatzeko”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide