Las Bolas Locas taldeko kideak zarete. Zer da zehazki zuen taldea eta noiz sortu zenuten?
Lorea Larrea: Nik betidanik jolastu izan dut bolo arabarrera, aita eta ahizparekin. Beraiek talde propioa daukate, eta beti izan dut emakume talde bat sortzeko gogoa. Duela pare bat urte lagun bati, Ainhoari, bota nion proposamena. Baiezkoa eman zidan eta taldekide bila hasi ginen. Gorbeialdeko jaietan bati, besteari… taldekideak fitxatzen hasi ginen. Jai bakoitzean neska bat (barreak).
Zu Angela nola batu zinen taldera?
Angela Apodaka: Nik Lorea ez nuen ezagutzen, baina Ainhoa bai. Murgian tabernan topo egin genuen eta proposamena bota zidan. Nik ez nuen inoiz boloetan jokatu baina banuen probatzeko gogoa. Gaur egun oso gustura nago taldean. Irrikaz nago igandea iritsi eta boloetan jokatzeko.
Nola jokatzen da bolo arabarrera, zeintzuk dira arau nagusiak?
A.A.: Lau bolorekin jolasten da, bolo bakoitzak bere izena du: kantoia, guarda... Bola loma deitzen den egurrezko ohol baten gainetik jaurti behar da. Bola jaurtitzeko tokia parra deitzen da. Oholaren amaieran bolorik garrantzitsuena jartzen da, kantoia. Bolak lehenengo bolo hori kolpatu eta karanbola moduko bat egitea da gakoa; hau da, lehenengo bolo horrek edo bolak gainerakoak kolpatzea ere.
Lehiaketa eta txapelketa desberdinak egongo dira.
L.L.: Txapelketa desberdinak daude. Badago gazteentzako lehiaketa bat 12-18 urte bitarteko gazteentzat; emakumeentzako lehiaketa bat, non taldeak txikiagoak diren, hiru emakumez osatuak; herriko jai bakoitzean badaude tokiko bola jaurtiketak; azkenik, Interpueblos deitzen den lehiaketa dago, hori litzake gure Champions Liga (barreak).
Interpueblos txapelketan 46 taldek parte hartzen dute, eta talde bakoitzean sei kidek jokatu behar dute. Taldeak multzoetan banatu eta igande bakoitzean herri desberdin batean egiten dira jaurtiketak, eta botatako bolo guztiak batu egiten dira jardunaldiz jardunaldi. Multzo bakoitzetik lehenengo postuetan geratu direnak kategoria batera joko dute eta gainontzekoek beste batera, lehenengo maila eta bigarren maila bailitzan.
Non jolasten da bolo arabarrera nagusiki?
A.A.: Arabako herri pilo batean jolasten da. Taldeari esker ezagutzen ez genituen herri askotara joan gara. Azkenaldian, adibidez, Gesaltza Añanan izan gara.
L.L.: Elosu, Valluerca, Agurain… Arabako txoko guztietan daude bolatokiak. Laudion ere badago bat, Lamuza Parkean.
Bi urtez jokatu duzue Interpueblos txapelketa. Nolakoa izan da esperientzia?
A.A.: Guretzat oso-oso esperientzia positiboa izan da. Asko hobetu dugu. Hasieran ez genekien bola nola hartzen zen ere ez.
Nola gogoratzen dituzue zuen hastapenak bolo arabarrean?
A.A.: Oso harrera ona izan dugu boloen munduan. Lehenengo egunetan jendeak ikusten zuenean ez dakit zenbat neska gaztetxo bolatokian sartzen, oso deigarria zitzaien. Orain mundu guztiaren ahotan daude Las Bolas Locas. Harro sentitzen gara lortutakoaz.
Bolo arabarra aldatuz doa. Lehen gizonezko nagusien kontua zen, eta horrekin apurtzea lortu dugu.
L.L.: Interpueblos txapelketa jokatzen duen neska talde bakarra gara gu. Badaude talde misto gutxi batzuk, baina gehienak gizonezkoak dira.
Taldea sortu genuenean, egun batzuk entrenatzen eman genituen. Nire aitak lagundu gintuen ere. Behin federatuta gure lehenengo txapelketan eman genuen izena, Abetxukon. Bolatokia jendez gainezka zegoen, eta gogoan dut Angelak esan zidala pauso lar handia ari ginela ematen (barreak).
A.A.: Ni ez naiz pertsona lotsati bat, baina hainbeste jende zuk bola nola botako duzun begira egotea izugarria da. Bola jaurti ostean dagoen isiltasun hori ere kristona da.
Egia da jendeak asko lagundu gaituela ikasteko orduan, gehienontzako kirol berria zen.
Talde izaera indartsua duzue, sare sozialetan ere oso aktiboak zarete. Ohikoa da bolo arabarrean hori, edo salbuespena zarete?
L.L.: Badira sare sozialak dituzten taldeak, baina gehienak pertsona nagusienak dira. Gu azken finean sare sozialekin hazi gara, eta barregarria da batzuetan jende heldua horrelakoetan ikustea, potxoloak dira.
Txantxa modura ekin genion guk Instagram erabiltzeari. “Pakete” batzuk ginela adierazi nahi genuen, gure buruaren memeak egiten hasi ginen.
Merchandising-a ere baduzue.
L.L.: Finalera sailkatuz gero, derrigortuta zaude taldeko ekipazioa eramatera, baina gainerakoan hautazkoa da. Gu beti goaz gure izerditako eta kamisetekin.
A.A.: Taldekide batek egin zizkigun diseinuak eta jendeari asko gustatu zitzaizkion. Erabaki genuen salgai jartzea ere, taldeko gastuei aurre egiteko. Berrehun izerditako baino gehiago saldu ditugu honezkero, tote-bag poltsak diseinatu ditugu ere. Taldeari ikusgarritasuna emateko baliatzen dugu.
Gaztetasuna eta freskotasuna ekarri diozue bolo arabarrari.
A.A.: Gero eta kontzienteagoak gara gure ekarpenaz. Taldeak geroz eta ohiartzun handiagoa ari da izaten: egunkarietan, irratian... Jendeak asko eskertzen digu egindako ekarpena.
L.L.: Gaztetxoen talderen bat edo beste ere gure atzetik dugu ere.
A.A.: Agian gehiegi da esatea erreferenteak garela gazteentzat, baina haientzat bagara boloetan jolasteko motibazio bat ere, gazteek ere nabaritzea bolo arabarrean badagoela haientzako tokia.
L.L.: Eta bereziki neskentzat. Ikus dezaten hau ez dela soilik gizon helduen kontua.
Zer etorkizun dauka bolo arabarrak?
L.L.: Gazte asko daude jokatzen. Egia da Arabako boloa aipatzerakoan burura datorkizun lehenengo irudia badela 60 urtetik gorako gizonezko kuadrilla batena, baina aldatuz doa hori. Herri txikietan badaude gazte kuadrilla ugari, zeinek bolo arabarra duten elkartzeko eta herrian egoteko aitzakia: Zurbanon, Gereñan, Margaritan… Boloen inguruan jende gaztea elkartuz goaz, badago etorkizuna.
A.A.: Duela gutxi Arabako Bolo Federaziotik belaunaldi aldaketaren adibide ginela aipatu zuten. Ziur daudela Arabako boloa ez dela hilko, erreleboa badagoelako. Hori guretzat izugarria da. XIV. mendetik jokatzen da bolo arabarrera eta oraindik ere bizirik dago.
L.L.: Nik familia hitzarekin erlazionatzen dut boloa. Gure artean harreman oso estuak sortu dira kirol honi esker.
A.A.: Nik Lorea ez nuen aurretik ezagutzen. Bolo arabarrak lagun oso on bat oparitu ditu.
Zailtasunak ere izango dira bidean.
L.L.: Egia da zenbait herritan bolatokiak desagertuz doazela, edo ez direla konpontzen. Aretan bazegoen bat eta estali egin zuten.
A.A.: Konpondu diren bolatokiak herritarren borondatez konpondu dira. Federaziotik lan handia ari da egiten laguntzak lortzeko, baina kirol handiek akaparatzen dituzte arreta eta laguntza guztiak.
L.L.: Aita Arabako federazioko presidentea dut, eta lan izugarria egiten dute, borondate propioz. Duela sei-zazpi urte federazioa bera galzorian egon zen, gaur egungo kideek egoerari buelta eman zioten arte.