Zinema saio bikoitza prestatu du Faktoriako kultur ildoak maiatzerako: hilaren 8an eta 15ean, Janire Etxaberen Haize-lerroak dokumentala eta Patxi Bisquerten Ombuaren itzala filma ikusteko aukera egongo da, hurrenez hurren.
Saio bereziak izango dira. Izan ere, bertan egongo dira zuzendariak eta filmak ikusi ostean galderak zein iruzkinak egiteko aukera izango dute ikusleek. 19:00etan izango dira bi proiekzioak, eta sarrera librea eta doakoa da.
Haize-lerroak, hiru urtetako dantzen bilduma
Janire Etxabe dantzari, eskalatzaile eta dokumentalgile arrankudiagarrak hiru urteetan zehar Euskal Herriko mendietan egindako dantza bertikalak dokumentatu ditu film honetan, "definitzen ez den sentimenduaren bilaketa etengabean". 2023an estreinatu zuen ikus-entzunezkoa Mendi Film festibalean, eta ostegun honetan bertan egongo da pelikula ikusteko zein berarekin solasteko aukera.
Hau ez da, inondik inora, Etxaberen ekoizpen bakarra. Besteak beste, 2024an Aiaraldea Komunikabidearen Poliedroa podcastean egon zen, Atxine ikuskizuna aurkezten:
Pello Mari Otañoren bizitza ombuaren itzalean
Argentinan eta Uruguain hazten den zuhaitza da ombua, eta izendapenak, guaranieraz, "itzal" esan nahi du. Argentinan eman zituen, hain zuzen ere, Pello Mari Otaño bertsolari zizurkildarrak bere urterik emankorrenak, eta horiek kontatu ditu Patxi Bisquertek dokumentalean. Panparen eta Euskal Herriaren artean jauzika, Otañoren memoria berpiztu nahi du biopic honek.
Berezi samarra da Bisquerten dokumental honen finantziazio prozesua. Izan ere, auzolanean bultzatutako ekimena da hau: Udalek, kultur-elkarteek, Ikastolen zein hezkuntza publikoaren sareek parte hartu dute bertan, "proiektuari oinarri popular zabala emanez".
Patxi Bisquertek berak 2022an aurkeztu zuen proiektua Faktorian: