Zenbat balio du Aiaraldea Ekintza Faktoriak? Zenbat Aiaraldea Komunikabidearen eta teilatu beraren azpian dauden gainontzeko ildoen jardunak? Neurtu daiteke hori guztia dirutan?
Erantzun azkar eta laburra: Bai, neurtu daiteke, neurtu egin da dagoeneko, eta emaitzak oso positiboak dira.
Hala ondorioztatu dute Leire San-Jose Ruiz de Aguirrek, Jose Luis Retolaza Avalosek eta Aitor Mate Martinezek. EHUko katedraduna, Deusto Business School-eko ekonomia irakasle zein EHUko doktorea eta Eusko Jaurlaritzako auditorea dira, hurrenez hurren, eta berriki plazaratu dute Aiaraldea Kooperatiba Elkartearen Balantze Soziala.
Gizarte ekimeneko eta irabazi asmorik gabeko kooperatiba hori da, hain zuzen, Aiaraldea Ekintzen Faktoriaren atzean dagoen entitate juridikoa, eta euskararen normalizazioaren aldeko hainbat eta hainbat egitasmo barnebiltzen ditu, esku artean duzun hamabostekaria plazaratzen duen Aiaraldea Komunikabidea tartean.
Aipatutako adituek urtebete eman dute azterketetan murgilduta, helburu batekin: kooperatiba honek sortzen duen “balio soziala eta inpaktu kulturala” monetizatzea. Alegia, normalean dirutan neurtzen ez dena eurotara ekartzea, benetako balioa (eta erretangarritasun soziala) zenbatekoa den jakiteko.
GEAccounting (Social Accounting for Sustainability) elkartearen prozedura eta metodologiak baliatu dituzte horretarako, 300 enpresa baino gehiagok eginiko bideari jarraiki. Besteak beste, Berriak, Goienak, EITBk edota Osakidetzak baliatu dute prozedura hori euren balio soziala monetizatzeko.
Titularra ez da makala: 2023an jasotako dirulaguntza publiko bakoitzeko halako 11,2 bueltatu dizkio Aiaraldea Kooperatiba Elkarteak gizarteari.
Kontabilitatetik harago ikertzen
Modu horretan, azalera ekarri dute zein den 15 urte betetzear dagoen proiektu honen benetako balioa. Eta titularra ez da makala: 2023an jasotako dirulaguntza publiko bakoitzeko halako 11,2 bueltatu dizkio Aiaraldea Kooperatiba Elkarteak gizarteari.
Emaitza horretara iristeko, kontabilitateko zifra hotzetatik harago ere jo dute ikertzaileek, proiektuak sortzen duen “bestelako balioa” aztertu eta monetizatzeko.
Horretarako, kooperatibaren jardunagatik eraginda dauden interes-taldeak identifikatu dituzte lehenbizi, 17 orotara: Aiaraldeko biztanleak, administrazioak, banku entitateak, euskalgintza eragileak, kultur sortzaileak, kirol taldeak… 20 elkarrizketa sakon egin dituzte eskualdeko gizartearen lagin horiekin, eta modu horretan identifikatu dituzte talde bakoitzak balioan jartzen dituen aldagaiak, 74 guztira.
“Zer egingo genuke Aiaraldea gabe?”
Adituek argi adierazi dute euren ikerketaren ondorioetan: Aiaraldea Kooperatiba Elkartea ez da “enpresa edo komunikabide soil bat, hainbat eragile, elkarte eta administrazioekin elkarreragiten duelako euskara izan dadin eraldaketa sozialerako tresna”.
Baina, zertan datza zehazki proiektu honek sortzen duen balio soziala? Hainbat arlo azaleratu ditu ikerketak.
Elkarteek, adibidez, nabarmendu dute proiektuak “ikusgarritasuna” ematen diela, “prestigioa”, eta horri esker jende gehiago bertaratzen dela egiten dituzten ekitaldietara. Arabako Foru Aldundiko euskara teknikariak, aldiz, goraipatu du hedabideak oreka eta inpartzialtasuna mantentzen dituela “alderdi politikoen albisteen artean”.
Alde batetik, komunikabidearen jardunari lotutako guztia dago. Elkarteek, adibidez, nabarmendu dute proiektuak “ikusgarritasuna” ematen diela, “prestigioa”, eta horri esker jende gehiago bertaratzen dela egiten dituzten ekitaldietara. Horrez gain, pertsona migranteekiko aurreritziak ezabatzeko “tresna garrantzitsua” da komunikabidea, mugimendu feministako kideen iritziz. Arabako Foru Aldundiko euskara teknikariak, aldiz, goraipatu du hedabideak oreka eta inpartzialtasuna mantentzen dituela “alderdi politikoen albisteen artean”.
Baina komunikabidetik harago ere badago zer azpimarratu. Hezkuntza komunitateak, adibidez, ikastetxeak elkartzeko foro egokitzat jo du Aiaraldea Ekintzen Faktoria, “eskolako ekosistema” sortzen duelako.
Kulturaren esparruan ere jaso ditugu lore ugari. Arlo horretako eragileen arabera, sortzaile txikiak bultzatzen ditu kooperatibak, eta Faktoria espazioa ere jarri dute balioan, bertako espazioak eta baliabide materialak lagatzeko dagoen prestutasuna nabarmenduta.
Eta, nola ez, hor dago baita euskararen normalizazioaren alde eginiko lan guztia. Interes-taldeen hitzetan, “euskalduna ez den edo euskara erabiltzen ez duen jendea ere euskarara ekartzeko kapaza izan da Aiaraldea”, eta balio izan du “euskararen aldeko militante boluntarioak sortzen eta bilatzen laguntzeko”. Esaldi honekin borobildu du elkarrizketatuetako batek: “Zer egingo genuke Aiaraldearik gabe?”.
“Hedabidea sortu baino lehen ez zegoen ‘aiaraldear’ sentimendurik eta, hortaz, eskualdea ere kohesionatu du kooperatibak”, ondorioztatu dute ikertzaileek.
Besteentzako eredu
Erreferente izateaz gain, eredu ere bilakatu da kooperatiba. Tokikomen aburuz, “Aiaraldearen eredua eta arrakasta beste komunikabide batzuentzat ikasteko tresna gisa erabili da”. Horrekin batera, beste proiektu batzuetan “kultura komunitarioa sortzen lagundu duela” ere nabarmendu du euskarazko tokiko komunikabideen sareak.
Dirutan neurtu ezin dena
Dena dela, beste hainbat aldagai geratu dira monetizatu gabe, eta ez dira nolanahikoak. Horien artean dago, adibidez, proiektuak “eskualde sentimendua” indartzeko eta lurralde kohesioa sustatzeko eginiko lana. “Hedabidea sortu baino lehen ez zegoen ‘aiaraldear’ sentimendurik eta, hortaz, eskualdea ere kohesionatu du kooperatibak”, ondorioztatu dute ikertzaileek. Antzeko iritzia plazaratu du balantzean parte hartu zuen Aldundiko euskara teknikariak: “Bizkaia eta Arabako Lurralde Historikoen artean sortu den lotura eta kooperazioa Aiaraldea Kooperatibari esker gertatu da hein handi batean”.
Beste hainbat balio-aldagai emozional ere utzi dituzte eurotara pasa gabe. Hor kokatzen dira “demokrazia soziala” sustatzeko eginiko lana, proiektuaren izaera independentea, profesionaltasuna edota kooperatibak duen “ikuspegi plural eta integratzailea”, besteak beste. Pentsa, elkarrizketatuetako batzuk “familia baten parte” sentitzen direla aitortzera ere iritsi dira.
Hori guztia ikusita, ausartu gaitezke baieztatzera zifrek diotena baino handiagoa dela proiektu honen benetako balioa, 15 urteren ostean gauza batzuk ezin direlako, oraindik ere, dirutan neurtu.