Gaur eguerdian Laudioko foru egoitzan egin dute Cristina Gonzalez Enplegu, Merkataritza eta Turismo diputatuak eta Ana del Val Kultura eta Kirol diputatuak Aiaraldeko museo eta dorretxeen ibilbideen aurkezpena. Horien bidez, eskualdeko toki turistiko enblematikoak ehundu nahi dituzte: Gorobel, Maroñoko urtegia, Nerbioio ur-jauzia...
Ekimenak eskualdeko honako eraikin hauek barnebiltzen ditu: Mendieta dorrea, La Cámara Orive-Salaza dorrea, Milinillo de Velasco dorretxea, Bengoa dorretxea (Artziniega), Kexaako Monumentu Multzoa eta Murga dorrea (Aiara), Zaldivar etxea, El Puenteko gotorretxea, Artomañako dorretxea eta Mariaka (Amurrio) eta Ugartea dorrea (Laudio). Eraikin bakoitzak totem bana dauka informazioarekin eta QR kode batekin.

Museoei dagokienez, Artziniegako Museo Etnografikoa, Santxotena Museoa eta Arte Sakratuaren Museoa, Likorearen Museoa, Orozkoko Museo Etnografikoa eta Urduña Hiri Museoarekin osatu dute beste ibilbide bat.
Euskarriak
Totemak ez ezik, webgunea ere sortu du Arabako Foru Aldundiak, bildu duen informazioa zabaltzeko. Gainera, bi liburuxka osatu dituzte, ibilbideen mapak eta hamaika dorretxeen eta Aiaraldeko museoen informazioa partekatzeko, euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez.

Liburuxka horietan, baliabideak bi ardatzetan multzokatuta daude (Aiara-Artziniega eta Urduña-Amurrio-Laudio), eta laster egongo dira eskuragarri tokiko eta eskualdeko turismo bulegoetan.
Halaber, ikus-entzunezkoak ere prestatu dituzte turisten jakin-mina pizteko:
Izan ere, ibilbide hauen helburua da eskualdeko ondarea eta aniztasuna islatzea eta herrien historia ere azaleratzea museoen eta dorreen bidez.
Proiektua Berehalako Ekintza Planaren bitartekoekin egikaritu da, turismoa bultzatzeko hainbat ekintzekin batera. Proposamen horien artean, Arabako Foru Aldundiak, Aiaraldeko museoekin lankidetzan, eskualdeko museoen egoeraren, premien eta ahalmenen aurretiko diagnostiko bat bultzatu du, eta ekintza plan bat zehaztu du, Aiaraldeko Museoen Sarea sortzeko eta museoen lehiakortasuna hobetzeko eta sustatzeko, elkarlanean.