Kalean da honezkero Aiaraldea Hemen hamabostekariaren 217. zenbakia. Gai interesgarri ugari jorratu ditugu agerkariaren 32 orrialdeetan, baina protagonismo berezia hartu dute Euskaraldiak eta Amurrioko Txakolin Egunak.
Hamaikakoaren hitzak
Aiaraldeako Hamaikakoa osatzen duten lagunei elkarrizketa labur bana egin diegu. Datozen egunetan Euskaraldiaren enbaxadore izango dira herri eta profil anitzeko hamaika pertsona hauek, eta hizkuntza ohituren inguruko haien hausnarketak jaso ditugu hamabostekarian. Hamaikakoaren testigantzekin batera, eskualdeko deialdi nagusiak bildu ditugu ere hamabostekarian atondu dugun atal berezian.
Txakolin Eguna
Eskualdeko egutegian gorriz markatutako beste egun bat da Amurrioko Txakolin Eguna. Aurten maiatzaren 25ean ospatuko da tokiko ardoaren festa erraldoia, eta bertan eskualdeko zazpi upategiek ekoiztutako txakolina dastatzeko aukera egongo da.
Irakurleak txakolinaren jaiari buruzko gehigarri berezia aurkituko du hamabostekariko orrien artean. Bertan, Aiaraldeko industria txikiari buruzko jakin beharreko nagusiak bildu ditugu: upategien kokalekua, 2024ko uztaren gorabeherak, Estatu Batuetako muga-zergen eragina... eta noski Txakolin Eguneko nondik norako nagusiak.
Hauek eta beste hainbeste gai aurkituko ditu irakurleak Aiaraldea Hemen hamabostekariko orrietan. Datozen egunetan banatuko da hamabostekaria eskualdeko saltoki, taberna, ikastetxe, kulturgune, liburutegi eta kaleetan, doan.
