Maiatzean abiatuko dira Faktoriako sormen egonaldiak: haien proiektu artistikoetan murgiltzeko aukera izango dute bost artistek

Maider Ramirez Martin 2025eko maiatzaren 17a

Gontzal Royuela, Tar Tar kolektiboa, Oscar Pascual eta Libe Estebaranz izango dira aurtengo egoilarrak.

Deialdi bidezko sormen egonaldien ebazpena argitaratu du Kultur Faktoriak: lau hartuko ditu espazioak maiatza eta ekaina bitartean, artistek haien lanak garatu ditzaten. 

Lo eta jan eskaintza, proiektua garatzeko bidelaguntza, baliabide teknikoak, Aiaraldeko komunitatearekin harremana, lana modu esperimentalean komunitatearekin partekatzeko saio irekiak egiteko zein sare sozialetan zabaltzeko aukera eskainiko zaie artistei. 

Aurreko edizioetan ez bezala, Aiaraldetik kanpokoak dira egoiliar guztiak. Faktoriako kultur ildoko arduradunek aitortu dutenez, haien “desioa eta saiakera beti da bertoko eta kanpoko proposamenak lotzea”, baina aurtengo egonaldien deialdira ez da Aiaraldeko proposamenik aurkeztu.

Dena den, azaldu dute deialdiotan aukeratuak izan ez diren eskualdeko hainbat sortzaileekin beste dinamika batzuk jarriko dituztela martxan. Esaterako, aurten udan eskualdeko bi artista plastikoen erakusketak eskainiko dira, eta proiektu horietan bidelaguntza emango zaie sortzaileei.

Libe Estebaranz izango da udaberriko egonaldian murgiltzen lehena. Maiatzaren 22tik 29ra egongo da Faktorian Mina Espazioa lana garatzen. 1997an Bilbon sortutako espazio multidisziplinar alternatiboa izan zen Mina Espazioa. Lan honetan, proiektuko kideen oroitzapenak batzen dituen antzerki errelazionalezko pieza bat sortuko du Estebaranzek “memoria kolektiboa pizteko eta espazio alternatiboen garrantzia adierazteko”. Saio irekia eskainiko du maiatzaren 28an, asteazkenez, 18:00tan, eta sarrera librea eta doakoa izango da.

Oscar Pascualek hartuko dio lekukoa Estebaranzi, eta maiatzaren 29tik ekainaren 5era Petra proiektua garatzen ibiliko da Faktorian. Lesio batek eragindako esperientzia pertsonal garrantzitsu batek eta gaixotasun autoimmune baten diagnostikoak eraman du dantza eta antzerkia uztartzen dituen lan hau sortzera, eta “gorputzaren erresilientzia eta ongizate fisiko eta emozionalerako mugimendu etengabearen beharraz hausnartzera”. Saio irekia ekainaren 5ean izango da, 19:00tan.

Ekainaren 13tik 20ra geratuko da Gontzal Royuela antzezlea Faktorian, Ximurrak proiektuan murgilduta. 35 minutuko obra honen bidez, aiton-amonek eskaintzen duten zaintza eta haiei ematen zaiena gogoetara eramango du abadiñarrak. Egonaldiak ematen dion aukera baliatuz, sortutako material koreografikoa garatzen jarraitu nahi du, eta baita eszenaratzea osatuko duten elementuak esploratu ere. Ekainaren 18an eskainiko du saio irekia, 18:00tan.

Tar Tar kolektiboa osatzen duten Jone Amezagak eta Manu Gaignek dantzaren eta musikaren arteko hizkuntza amankomunean dute interesa eta ekaina bukaeran Faktorian sakonduko dute haien Arran-Erran proiektuan: “Sortzerako orduan,  disziplinen arteko horizontaltasuna bilatzen dugu, bidea elkarrekin eginez eta eraikiz. Oreka horren bilaketan 'hauskortasun basatia' deitu diogun kontzeptuarekin egin dugu  topo eta kontzeptu hau lan eremu artistikora ekarri nahi dugu”, azaldu dute kolektiboko kideek. Ekainaren 26an, 19:00tan, izango da saio irekia.

Egonaldien zikloei hasiera emateko gogotsu azaldu da kultur lantaldea: "Kultur Faktoriako arduradunak sormen egonaldiekin hasteko irrikitan gaude. Izan ere, sormen egonaldiak esperientzia intensoak dira, aste betez murgiltzeko esperientziak eta egunerokotasuna eraldatzen digute zentzu positiboenean. Oso gogotsu gaude saio irekietan komunitatearen eta artisten arteko solasaldi sortzaileetaz gozatzeko". 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide