Aiaraldeko EH Bilduk prentsa oharra kaleratu du bere jarrera azaltzeko Larragorriko zentral eolikoari buruz. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak aurretiko baimena eman dio Green Capital enpresari.
Koalizioaren aburuz, eta informazio falta dela medio, Orozko, Amurrio eta Laudioko Udalen arteko elkarlana sustatu beharra dago, konpainia eta Jaurlaritzarekin hitz egiteko eta zehaztasunak herritarrekin partekatzeko.
EH Bilduk azaldu duenez, "Jaurlaritzak egitasmoari dagokion Plan Berezia egin beharko du eta enpresak bere egitasmoa ingurumen-inpaktuaren adierazpenean jasotako baldintzei egokitu beharko luke".
Halaber, urrats hori beteta, EH Bilduk honakoa ohartarazi du: "Udalek erabat mugatua ikusiko dituzte egitasmoan eragin edota gelditzeko aukerak".
Proiektuaren kontra
Edonola ere, koalizioak argi adierazi du ez duela Larragorriko zentral eolikoarekin bat egiten: "gaur gaurkoz, egitasmoak ez ditu betetzen bere ikuspegitik eskala handiko egitasmoek bete beharko lituzketen baldintza minimoetatik bat bera ere".
Hain zuzen, EH Bildurentzat onargarria izateko honako neurriak bete beharko lituzke enpresa ekimenak: "Izapidetze gardena eta garbia izatea; sustatzaileak, hasieratik toki-eskualdeko administrazioaren eta herritarren deliberazioen ondoriozko ekarpenak aintzat hartzea; sortzen den elektrizitatea inguruko kontsumitzaileei prezio justuan eskaintzea, jabegoa konpartitzeko eskema ausartak planteatzea eta parte hartze publiko-komunitario ahalik eta handiena sustatzea".