Lanbide Heziketa dualeko praktikaldiak euskaraz eskaintzen dituzten enpresek dirulaguntza izango dute Araban

Aitor Aspuru Saez 2025eko maiatzaren 16a

Mozioaren bozketa egin zen unea. / Arabako Foru Aldundia

Arabako Batzar Nagusietako Euskara Batzordean onartu zuten egitasmoa aho batez EAJk, PSE-EEk, EH Bilduk, PPk eta Elkarrekin Podemosek.

Arabako Batzar Nagusietako Euskara Batzordeak EH Bilduk proposatutako ekimena onartu zuen atzo, Lanbide Heziketa dualeko praktikaldiak euskaraz eskaintzen dituzten enpresek dirulaguntza jaso dezaten.

Natxo Urkixo batzarkide laudioarrak aurkeztu zuen egitasmoa eta azaldu zuen euren bizitza akademiko osoa euskaraz egin duten hainbat ikaslek ez dutela aukerarik praktikaldian hizkuntza bera baliatzeko. 

Hori aldatzeko, EH Bilduk iradoki zuen dirulaguntza lerroa ezartzea praktikaldiak euskaraz eskaintzen dituzten enpresentzat, pizgarri moduan.

PPk bat egin zuen ideiarekin, baina eskatu zuen aurretiko ikerketa egitea, argitzeko zenbat enpresa diren interesdunak eta zenbateko kopurua bideratu behar den.

EAJk eta PSE-EEk antzeko ekarpena egin zuten eta erantsi zuten Lanabes eta Eskuara programak sustatzen dituela Arabako Foru Aldundiak eta bide onena zela horien bitartez gauzatzea ikerketa eta dirulaguntza. Elkarrekin Podemos ere alderdi ororen iritziekin ados agertu zen.

Akordiorako tartea egon ahal zela ikusita, alderdiek atsedenaldia egin eta guztien nahiak asetzen zituen testua adostu zuten.

EH Bilduk oharra zabaldu du horren balorazio positiboa egiteko eta azaldu du "ikasleen jarraipena egiten duten begiraleen prestakuntzak dakartzan gastuak arintzeko helburua" izango duela dirulaguntzak.

Zehazki, mozioak Arabako Foru Aldundiari eskatzen dio lan praktikak euskaraz egiteko dauden premien azterketa egitea lau hilabeteko epean, Lanbide Heziketako ikastetxeekin eta enpresa munduko erakundeekin elkarlanean eta Lanabes egitasmoaren barruan, gerora enpresentzako prestakuntza duala euskaraz egiteko laguntzak eman ahal izateko.

Laguntza lerro hori enpresei, merkataritza sozietateei, kooperatiba sozietateei, enpresaburu indibidualei eta profesionalei egongo da zuzenduta. Horrez gain, Diputazioari eskatu diote Lanabes egitasmoan txertatzea euskarazko prestakuntza duala bultzatzeko neurri horiek.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide