Aurtengo Txakolinaren kalifikazioa ona da, ez aparta azken urteetan bezala. Uzta zaila izan denaren isla da hori?
Lan eta prozesu guztiaren emaitza, txakolina, lehengaiak baldintzatuta dator. Mahatsaren ziklo begetatiboko baldintza klimatologikoak ez badira aldekoak, fruitua ez da egoera optimoan garatzen txakolin bikaina ekoiztu ahal izateko. Guk tentuz jarraitzen dugu mahatsaren eboluzioa uzta sasoirik egokienean egin ahal izateko, baina aurreko prozesu guztia aldekoa izan ez denean, nekez lortu daiteke emaitza bikaina.
Gerta zitekeen guztia gertatu da 2024ko uztaren aurretik: izozteak udaberrian, tenperatura oso altuko boladak, ekaitz bortitzak, gehiegizko hezetasuna… Horrek guztiak uztaren mehatxu nagusi diren onddoen agerpena errazten du : Mildiua nagusiki, botrytis-cinera denboraldiaren amaieran… Haizete izugarriak ere pairatu ditugu…
Finean, denetarik pairatu dugu. Hala eta guztiz ere, lortu dugu uztaren emaitza ona izatea. Halaber, gure buruari jartzen diogun exijentzia maila oso altua da. Produkzioaren ale gutxi batzuk ez badute puntuazio altuena lortzen, eragina du kalifikazio orokorrean. Analizatutako ardoen % 95ek lortu behar du kalifikaziorik altuena, hori da gure langa.
Balioan jarri behar da exijentzia maila hori.
Nik uste dut baietz. Ez dugu erlaxatu nahi. Ardoen mundua oso mundu lehiakorra da. Planetako ardo mota oro dago kontsumitzailearen eskura. Gu ere nazioarteko merkatu guztietan gaude, eta bertan gure presentzia aldarrikatu nahi badugu, urtez urte gauzak geroz eta hobeto egitera derrigortuta gaude.
Uzta hasi aurretik piztu zenituzten alarmak dagoeneko. Zein mekanismo dituzue upategiek egoera zail horretan ahalik eta txakolin onena ekoizteko?
Gure eskura dagoena da ahalik eta teknologia aurreratuenarekin lan egitea fermentazio prozesuan, botilaratzean… Ahalik eta modu eraginkor eta kontrolatuenean egin ahal izateko. Etengabeko garapen eta formazioan gaude upategietan lan egiten dugunok. Ez dago besterik.
Enologo on batek gaitasuna du ardo edo txakolin ona ekoizteko, baina produktu bikaina lortzeko ezinbestekoa da lehengai bikaina edukitzea.
"Dena ondo zihoan, duela astebete egundoko txingor-zaparrada gainera jauzi zitzaigun arte"
Nolakoa aurreikusten duzue 2025eko uzta?
Bagenituen optimistak izateko arrazoiak. Negua ona izan da, euri nahiko egin du. Udaberriko garairik kritikoenak ere aparteko izozterik gabe utzi ditugu atzean. Dena ondo zihoan, duela astebete egundoko txingor-zaparrada gainera jauzi zitzaigun arte. Urteak generamatzan horrelakorik bizi gabe, Urduñako mendatea zuri geratu zen. Tertangako mahats ekoizleren batek kalte handiak pairatu dituela esan digu.
Goiz da oraindik aurreikuspenetarako, eta baliteke egoera berriz ere gure alde lerratzea. Argi dagoena da meteorologia oso aldakorra bilakatu dela, fenomeno meteorologikoen intentsitatea askoz bortitzagoa da orain.
Aldaketa klimatikoa zuen larrutan bizi duzue beraz.
Bai, hori bistakoa da. Duela lauzpabost urte tenperatura oso altuak bizi izan genituen; hori dela eta ia hilabete aurreratu behar izan genuen uzta, urria erdialdetik iraila erdialdera. Aldaketa hauek guztiak denbora tarte luzeetan aztertu behar dira, baina agerikoa da ez gaudela duela 30 urte genituen baldintza berdinetan.
"Txakolin Eguna iristen den aldiro, kezka guztiak alde batera utzi eta ahalik eta gehien disfrutatzeaz arduratzen gara"
Txakolin Eguna ospatzeko gogoa ez zaizue akitu.
Inondik inora. Gure izaeraren parte bilakatu da ziurgabetasun egoera hau, muturreko egoera hauen aurrean txertatuta gaude. Gure esku ez dauden arazo eta errealitateen aurka ezin gara tematu. Natura jakintsua da, eta errespetatu beharra dago. Urte hobeak eta okerragoak daude, guri moldatzea dagokigu, besterik ez.
Horregatik Txakolin Eguna iristen den aldiro, kezka horiek guztiak alde batera utzi eta ahalik eta gehien disfrutatzeaz arduratzen gara. Lan egitea egokitzen zaigun arren.
26 edizioren ostean urte egokia zen hau festaren hastapenetatik modu boluntarioan antolakuntza lanetan ekarpen izugarria egin duten hiru pertsona horiei aitortza egiteko. Beti izaten dira beranduegi gisa honetako omenaldiak, askotan omenduak direnak gure artean ez daudenean izaten dira. Orain da unea ospakizunak eta aitortzak egiteko, horietaz disfrutatzeko sasoia dagoela aprobetxatuz. Aho batez hartu genuen Txutxi Salutregi, Santi Barros eta Estanis Polancos omentzeko erabakia.

Jaia alde batera utzita. Azken hilabeteetan naturaren enbatak bezain beste Estatu Batuen muga-zergen jarri dute jopuntuan ardogintzaren mundua.
Oraindik ez dugu datu zehatzik mahaigainean, muga-zergen gerra honek suposatu duena neurtu ahal izateko. Bai ordea, atzeman egin dugu egoera honek guztiak gure inportatzaile amerikarrengan sortu duen ziurgabetasun egoera. Egoeraren eboluzioa gertutik jarraitzen ari dira. Trumpen aurreko agintaldian % 20ko muga-zergak ezarri zitzaizkion txakolinari, besteak beste. Trumpek iragarri bezala ezarri zen muga-zerga hura, eta presidente errepublikanoaren agintaldi osoan egon zen indarrean. Gaur egun, ordea, asterik aste aldatzen dira arantzelen zenbatekoaren mehatxu mezuak. Hasieran % 200ekoa izango zela esaten zuten, hurrengo astean % 20ra jaitsi zuten mehatxua, hamabost egun geroago % 10 jaitsi zen… Oraindik ez dago behin betiko erabakirik.
"Ardogintza sektorean gabiltzan guztiok merkatu alternatiboen bila jarri gara buru-belarri, eta orain merkatu horietan elkarri bultzaka gabiltza"
Jar dadila edonor eroslearen azalean. Zer egin behar du berak? Estatu Batuetara bidaltzen dugun merkantzia ez dugu bidalketa txikietan bidaltzen. Bolumen handia da esportatzen dena, kostuak eta logistika murrizteko asmoz. Eskari oso handiak dira, inportatzaileak egoera egonkortzearen zain daude. Ikusiko dugu nola bukatzen duen honek, uste dut %10eko muga-zerga ezartzen badigute Estatu Batuetan, asumitu ahalko genukeela.
Honek guztiak zer eragin du? Bada ardogintza sektorean gabiltzan guztiok merkatu alternatiboen bila jarri gara buru-belarri, eta orain merkatu horietan elkarri bultzaka gabiltza, norberak bere tokia bilatzeko. Merkatu horiek ezin dute egundoko eskaintza asumitu.
Horri guztiari gaineratu behar diogu edari alkoholikoen eta ardoaren kontsumoa behera egiten ari dela urterik urte. Prezioen gorakada, kontsumoaren ereduen aldaketa… ekaitz perfektua daukagu gainean. Saiatzen gara merkatuaren aldaketei egokitzen, baina askotan ez gara aldaketa horiei aurre hartzeko gai.
Jarraitzen dugu gauza berriak egiteko gogoekin. Inoiz ez dugu pentsatu hau erraza zenik; naturak baldintzatutako lehengaia dugu abiapuntu kalitatezko produktu bat ekoizteko. Gure herrialdeko bazter txiki honetan ekoizten dugun txakolin hau lur planetako txoko urrutietan edaten ari dira, duela urte batzuk pentsaezina zen hori. Oso ilusionagarria da hori, eta bide horretan jarraituko dugu.
