Arberatzek Euskal Herria Zuzenean festibalaren edizio berria hartuko du ekaineko azken asteburuan. Antolatzaileek gogoratu dutenez, jaialdian ez da kontsumitzen, parte hartzen baizik, eta horretarako sarrera bikoitza jarriko du Aiaraldea Komunikabideak interesdunen esku, zozketa bidez, hemen.
Aurten ohiko eredua jarraituko du egitasmoak: Euskal Herriko hainbat sortzaile eta artisten erakusleihoa bilakatuko da hiru egunetan. Arreta gehien erakartzen duen osagaia musika bada ere, ez dira faltako dantza edota umorea ere.
Musikari ezagunen artean Errobi, Tapia eta Leturia, Bengo edota Olaia Inziarte egongo dira, soinu garaikideak eta klasikoagoak uztartzeko.
Proposamen berritzaileak ere ez dira faltako. Ane Lindanek umorea eramango du, Altxalili Show kabaretak landa eremuan sortutako LGTBIQ+ kolektiboko kideen performancea eskainiko du eta Manchesterretik helduko da Henge musika taldea, adibidez.
Ikusle baino, boluntario
EHZk azpimarratu duenez, jaialdia ez da negozioa, herri ekimena baizik. Horregatik, jaialdian publikoa eta ikusleak baino, kideak bilatzen dituzte. Horretarako, boluntario lanetan laguntza emateko aukera dago, txandak eginda.