Aiarako Kuadrillako talde independenteek ez dute babestu presidenteari lanaldia luzatzeko erabakia

Erredakzioa 2025ko mai. 31a, 19:00

Iratxe Parro talde independeteen bozeramailea. / Aiaraldea.eus

Aiara Batuzen eta Okondo Aurreraren iritziz, ez dago justifikatuta lanaldia handitzea.

Atzo egin zuten Aiarako Kuadrillako batzarra eta Iñigo Pinedo presidenteari lanaldia luzatzea onartu zuten. Jardun osoa izango du aurrerantzean eta 44.000 euroko soldata gordina izango du urtero. Neurriak aurrera egin zuen EAJ eta PSE-EEren bozekin. EH Bildu abstenitu zen eta talde independenteek, aldiz, kontra egin zuten.

Aiara Batuz eta Okondo Aurreraren hasierako proposamena izan zen erabakia atzeratzea eta aurrerago egitea. Izan ere, zinegotzi independenteen aburuz, arrazoiak ez ziren sendoak, presidente berriak kargua hartu zuenetik ez baitira lanak aldatu eta ez da funtzionamenduan eraldaketarik gertatu. Batzorde kopuru bera dago hiruhilero eta lau sailetan daude banatuta.

Aiara Batuzek eta Okondo Aurrerak oharran azaldu dutenez, eztabaida sortu zuen euren iradokizunak eta EAJko bozeramaile Ander Añibarrok argudiatu zuen presidenteak dirulaguntza berriak bilatzeko baliatuko duela lanaldia, dirua aurrezteko Udalei. Halaber, jeltzaleak azpimarratu zuen presidente gisa sinatzea ardura handia dela.

Iratxe Parro Aiara Batuzeko kideak erantzun zion Kuadrillan badaudela 36 administrazio batzar eta presidente guztiek musutruk lan egiten dutela eginkizun berak beteta: dirulaguntzak bilatzea eta agiriak sinatzea arduradun nagusi bezala.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide