Urduña, Amurrio, Laudio eta Arrankudiaga-Zolloko pilota klubek ekimen bateratua antolatu dute: Aiaraldeko pilotari gazteen I. topaketak. Ikasturtean pilotan aritzen diren gazteei, uda sasoian ere, aisialdi eskaintza luzatzera dator lau klubek antolaturiko egitasmoa. Hiru asteburuz luzatuko dira topaketak, eta igande honetan (ekainak 8) izango dute ekimen ibilitariaren lehenengo hitzordua, Aretako frontoian.
"Pilotan aritzen diren herrietako haurrek elkar ezagutzea" da egitasmoaren xedea, Urduñako Jai-Alai Pilota Elkarteko Karrak Aiaraldea Komunikabideari azaldu dionez. "Ume eta gaztetxo kategoriako lagunarteko binakako partidak jokatuko ditugu astebururo, baina astez aste bikoteak aldatuz joango gara", nabarmendu du. Modu horretan, hainbat herri eta klubetako haurrak elkarrekin jokatzen jarri nahi dituzte.
Aretan abiatuko den ekimenak Arrankudiagako eta Urduñako pilotalekuetan egingo ditu geldialdiak, ekainaren 15ean eta 22an, hurrenez hurren. Topaketak antolatzen dituzten lehenengo edizioa da honako hau, baina antolatzaileak ziur dira datozen urteetan egitasmoak jarraipena izango duela: "Ideia gehiago ditugu esku artean, datozen urtean egikaritzeko. Topaketak kategoria gehiagotara zabaltzea ere ez dugu baztertzen".