Aldundiak hartuko du bere gain Amurrioko etxebizitza komunitarioko gaueko zerbitzua, EH Bilduk aldarrikatu duenez

Aitor Aspuru Saez 2025ko eka. 10a, 18:00

Amurrioko zinegotzi Nekane Martinezek ere parte hartu zuen atzoko agerraldian. / EH Bildu

Gaur Foru Gobernuko Kontseiluak onartu du neurria eta EH Bilduk aldarrikatu du aurrekontuetan lortutako akordioaren ondorio dela.

Arabako Foru Aldundiko landa eremuko etxebizitza komunitario guztiek gaueko zerbitzua eskainiko dute aurrerantzean. Horretarako, Foru Gobernu Kontseiluak 1,4 milioi euroko aurrekontua onartu du gaur, hau da, iazkoa %50ean handitu dute.

EH Bilduk aldarrikatu du bitartekoak biderkatu direla aurrekontuetan behartutako akordioari esker. Aldundiak berak ere gogoratu du: "Azken berrikuntza hori Arabako Foru Aldundiaren 2025erako aurrekontuak onesteko EH Bildurekin egindako akordioaren emaitza da. Etxebizitza komunitarioetarako adostutako aurrekontu-partida 532.000 eurokoa izan zen".

Berez, gaueko zerbitzua bazegoen indarrean Amurrioko etxebizitzetan, baina hemendik aurrera Arabako Foru Aldundiak hartuko du bere gain finantzazioa, Udalak ordaindu ordez. Egoera berean zegoen Laguardia, baina Kanpezun, Asparrenan eta Gaubean udan hasiko dira gauez ere zerbitzua ematen.

EH Bilduren agerraldia

Koalizio subiranistak mezua zabaldu zuen atzo eta Eva Lopez de Arroyabe taldeko bozeramaileak hala adierazi zuen Batzar Nagusietan: "Kalitatezko zaintzak herrian bertan jasotzea da EH Bilduren lehentasunetako bat, eta urrats bat gehiago da hau bide horretan. Herrietatik bertatik ematen den arreta balioetsi nahi dugu, pertsonen ingurune hurbilari eustea oinarrizkoa delako egoera zaurgarrietan".

Etxebizitza komunitarioak

Arabako Foru Aldundiak argitu duenez, mendekotasun moderatua (1. maila) duten adinekoentzako bitartekoak dira etxebizitza komunitarioetakoak, kalitatezko arreta jasotzeko. Gizarte laguntza eta gainbegiratzea, eta arreta pertsonala eta etxeko laguntza dauzkate.

Helburu nagusia da erabiltzaileek beren ingurune komunitarioan jarraitu ahal izatea, horrela haien autonomia hobetu eta bakartasun egoerak ekiditen baitira.

Gaueko zerbitzuari dagokionez, arreta ematen die hainbat arrazoirengatik (bereziki, psikikoak edo neurologikoak) gaueko ordutegian intentsitate ertaineko edo handiko ikuskapena behar duten pertsonei, loaren erritmoa eta gaueko portaera kontrolatzeko eta erregulatzeko. 

Grebak etxebizitza komunitarioetan

Zaintza zerbitzua, edonola ere, alde ilunak ere bizitzen ditu egunotan. Izan ere, azken asteetan etxebitza komunitarioetan greba egunak antolatu dituzte eta atzo bertan batu ziren sindikatuak eta patronala negoziazio mahaian.

ELAk balorazio oharra plazaratu zuen eta oso irakurketa ezkorra egin zuen egoerari buruz. Bere ustez, patronalak ez du akordiorik nahi. 

Sindikatuak salatu zuen atzoko eskaintza duela urtebetekoa baino okerragoa izan zela eta sindikatuen eta Aldundiaren aurkako xantaia erabili dutela: "Hitzarmenaren etorkizuna laguntza ekonomiko gehiago jasotzearekin lotzen dute. Are gehiago, zenbait planteamendutan Langileen Estatutua okertzea eta legeriatik kanpo kokatzea bilatzen da".

Gauzak horrela, ELAk atea irekita utzi dio mobilizazioekin jarraitzeari: "Hain prekarioa den sektore feminizatu honetarako akordio bat lortzeko une historikoaren aurrean geunden. Dinamika mobilizatzailean 6 urte baino gehiago igaro ondoren, kolektibo horrekiko ia betebehar sozial eta politikoa da bere lan baldintzak hobetzea lortzea. Bada, patronalek ez dute egoera ulertu, eta beren lan-baldintzen prekarizazioa erabiltzen dute negozioa egiteko. Langile guztien lan baldintzak eta baldintza ekonomikoak benetan hobetuko dituen hitzarmen bat egon arte, ELAk grebak egiten jarraituko du. Zaintza-sektorearen baldintzak duintzeko unea da".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide