Kalean dago honezkero Aiaraldea Hemen hamabostekariaren ikasturteko azken zenbakia, 219. alegia. Orotariko gaiak jorratu ditugu agerkariaren 32 orrietan: erreportajeak, elkarrizketak, albisteak... Azalean Amurrio eta Laudioko EPAko irakasle eta ikasleek egindako lanari aitortza egin diogu. Filma laburra ekoiztu dute Luis Vil zinemagilearekin elkarlanean, "hezkuntzaren eta bizitzaren aldeko aldarri ozena egiteko". Aiaraldea Komunikabideko kideak Amurrio Antzokian egindako zineforumean egon ginen eta bertan jasotakoa bildu dugu.
Aiaraldea Jaietan
Ikasturte bukaerak parez pare ireki dizkio ateak udako jaien maratoiari. Hamabostekariaren barruan 12 orriko gehigarri berezia txertatu dugu San Joan Astobitza, Sanpedropeko, Luiaondo, Arakaldo, Areta eta Ugarteko jaiei buruzko informazio baliagarriarekin. Jaietako egitarauak bildu ditugu, baita festetako protagonistei egindako elkarrizketak ere.
Hauek eta beste hainbeste gai aurkituko ditu irakurleak Aiaraldea Hemen hamabostekariko orrietan. Datozen egunetan banatuko da hamabostekaria eskualdeko saltoki, taberna, ikastetxe, kulturgune, liburutegi eta kaleetan, doan.
Irailean bueltatuko gara Aiaraldea Hemen hamabostekariaren zenbaki berri batekin. Bien bitartean, eta jaietako erritmoa ez galtzeko, Aiaraldea Jaietan 2025 aldizkaria argitaratuko dugu abuztuan, udako azken txanpako festa guztietako egitarau eta informazioekin.