Elkarretaratzeak egin zituzten iragan ostegunean EAEko Ikastoletan, Hezkuntza Sailari "hitzartutakoa betetzea" eskatzeko. Dozenaka lagun batu ziren protestara Laudio eta Aresketa Ikastoletan.
LABek azaldu duenez, 2023ko ekainaren 1ean sinatu zuten lan akordioa Eusko Jaurlaritzarekin. Dokumentu horren arabera, ikastoletako langile guztien soldatak parekatuko dira 2027rako. Edonola ere, sindikatu abertzalearen ustez, gobernuari ez zaio horretarako borondaterik ikusten.
Bestetik, akordioak ere barnebiltzen zuen ikastoletako beharginen lan baldintzak sare publikoko langileek dituztenekin homologatzeko azterketa egitea, bi urteko epean. Tarte hori iraungi dela salatu du langile erakundeak, "eta Hezkuntza Saila ez da hasi inongo plangintzarik egiten azterketa aurrera eramateko".
LABen aburuz, "ez da onargarria Hezkuntza Sailak horrelako jarrera izatea ikastoletako langileekiko", eta horregatik erabaki du mobilizazioak deitzea.