Renfek azaldu du hamabost minutu baino gehiagoko atzerapenak daudela C-3 lineako zerbitzu batzuetan, hau da, Bilbo eta Urduña lotzen duen zatian. Erabiltzaleek adierazi diote Aiaraldea Komunikabideari atzerapen horiek 45 minutukoak izan direla goizean.
Azpiegituran gertatutako matxura da atzerapenen eragilea, enpresak berak azaldu duenez. Halaber, iragarri du horren ondorioz tren batzuen ibilbidea aldatu daitekela.
Irisgarritasun probak
Aldi berean, Renfe probak egiten ari da irisgarritasunari dagokionez. Berez, Irunen zerbitzua ematen duen tren bat ekarri dute ikusteko irisgarritasun arazoak dituzten erabiltzaileen egoera konpontzeko balio duen.
Aiaraldea Komunikabideak enpresari galdetu dio konponbide hori ezarriko duten epe motzean edo ertainean, baina ezin izan du ezer zehaztu.
Kasualitatez, Maria Luisa Goikoetxea urduñarra heldu da Abandora probak egiten dituzten bitartean. Modu horretan, egungo sistemak eta Irunetik ekarritakoak eskaintzen dituzten ereduak alderatu daitezke.