Udako opor eta jaietan Palestina gogoan izateko deia luzatu dute Aiaraldeko udalerri guztietako jai-batzordeek. Atzo elkartu ziren jai-batzordeetako ordezkariak Laudioko Herriko plazan, palestinar banderak soinean, Israel gauzatzen ari den sarraskia salatzen jarraitzeko deia zabaltzeko.
Bide horretan, salaketa eremu bilakatu nahi dituzte eskualdeko auzo eta herrietako jai-esparruak. Laudio-Palestina elkartasun taldearen deialdiari jarraituz, Palestinarekiko elkartasun ekimenak indartzeko konpromisoa agertu dute Aiara, Amurrio, Areta, Arrankudiaga, Artziniega, Laudio, Okondo, Orozko eta Urduñako hainbat eragilek. Uda sasoian era guztietako ekintzak antolatzen dituzten kirol, kultur zein gizarte-eragileei ere luzatu diete ekimenera batzeko deia.
Palestina gogoan izatea da proposamenaren erroa, eta horretarako pankarta eta palestinar banderen presentzia biderkatzea eskatu diete jai-batzordeei. "Palestinako bandera ikusaraztea, Israel Palestinan burutzen ari den sarraskia salatu eta gaitzesteko eta Palestinar Herriarekiko elkartasuna adierazteko tresna bilakatzeko deialdia da", azaldu dute Laudio-Palestina elkartasun taldeko kideek. Jai eremuetatik harago, gonbita luzatu dute ekimenak oihartzuna izan dezan lantoki, merkatalgune eta herritarren balkoietan ere.
Israeli boikota
Ekimenaren deitzaileek azpimarratu dute boikota dela Israel salatzeko tresnarik eraginkorrena. Hori dela eta, BDZ ekimena (Boikota, Desinbertsioa eta Zigorrak) "etxean zein jaietako txosnagunean" sustatzeko deia zabaldu dute. Jakitun dira boikota ez dela ariketa erraza, baina gutxienez horren gaineko eztabaida egitea eskatu diete jai-batzordeei. Badira, honezkero, bide horretan urratsak egiten hasi direnak ere; Laudioko Txosnagunea kasu, non Coca-Colari boikota egiteko alternatibak bilatzeko lanetan ari diren.
Laudio-Palestina elkartasun taldeak eskua luzatu die Palestinaren aldeko ekimenak gauzatzeko laguntza behar duen eragile edo elkarte orori. Harremanetarako, taldearen sare sozialetara zein laudio.palestina@gmail.com helbide elektronikora mezua bidaltzea eskatu dute.