Aiaraldean egingo dute asto-zirku ibilaldiaren seigarren edizioa. Gasteizko Azirkarte eta Ikiriki elkarteak daude ekimenaren atzean, eta aniztasun funtzionala duten pertsonak gizarteratzen laguntzea dute helburu. Hain zuzen, Azirkarte elkarteak zirku soziala jorratzen du. Ikirikik, aldiz, zaldi eta astoekin jarduten du “pertsonen egoera hobetzen laguntzeko”. BeBai saria jaso dute aurten biek, Arabako zerbitzu sozialen jardunbide egokiak aitortzeko.
Hiru etapako ibilbidea egingo dute eskualdean barrena, astoekin batera. Nabarmendu dutenez, animalien erritmora joango dira, ez euren gainean. Ostiral honetan aterako dira 10:00etan Amurrioko parketik, Etxaurrenera iristeko. Larunbatean Añesetik Artziniegara joango dira, eta Artziniegatik Zuhatzara igandean, ordu berean abiatuta. Elkarteko kideek parte hartuko dute egitasmoan, baina herritar guztiei luzatu diete parte hartzeko gonbita.
Nabarmendu dutenez, animalien erritmora joango dira, ez euren gainean.
Zirku sozial tailer eta ikuskizuna
Gernikako Txitatoki elkartea gonbidatu dute aurtengo ediziora. Modu horretan, zirku sozial saioak eskainiko dituzte asteburuan zehar, publiko zabalari zuzenduta.
Hau da osatu dute egitaraua:
- Ekainak 27, ostirala, 19:00etan Etxaurreneko igerilekuetan: Zirku tailerra 8-12 urteko haurrentzat.
- Ekainak 28, larunbata, 19:00etan Artziniegako igerilekuetan: Antzezpena
- Ekainak 29, igandea, 18:00etan Okondoko igerilekuetan: Antzezpena
18-25 urteko artistek osatutako lana plazaratuko dute Artziniega eta Okondoko igerilekuetan, zirku sozialaren tekniken bidez garatutakoa. Nabarmendu dutenez, “egoera zaurgarrian dauden pertsonen gizarteratzeko tresna paregabea da” zirku soziala. “Izan ere, zirkuaren ariketak landuz, besteak beste euren autoestimua eta komunikazioa sendotzen dituzte, baita hutsegiteak onartu ere”, azaldu dute.