Arabako EH Bilduko alkateek Aldundiari eskatu diote landa eremuan etxez etxeko laguntza zerbitzua bermatzea. Izan ere, egindako agerraldian adierazi dutenez, gaur egun ematen den zerbitzua ez da erabiltzaileen beharren araberakoa, "azpikontratatutako enpresen baliabideei" erantzuten dielako.
Enpresa horiek, gainera, langile falta argudiatu dute. Laudioko alkate Ainize Gastakak eta Asparrenako alkate Txelo Auzmendik azaldu dutenez, "Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak adierazi du zaila dela zerbitzu horretan lan egin dezaketen eta lan egin nahi duten pertsonak aurkitzea" eta egoera horrek dakarrena da oinarrizko gizarte-zerbitzuei iradokitzea "asteburuetan mugatu behar direla arreta-denborak, edo bi edo hiru hilabete beharko direla espediente berri bat abian jartzeko".
Agerraldian parte hartu duten gainontzeko ordezkari politikoek (Pili Garmendia Samaniegoko alkatea, Urtzi Gaintzarain Lagrango alkatea eta Gustavo Fernandez Villate eta Agus Otxoa Eribeko Arabako Lautadako eta Gorbeialdeko kuadrilletako presidenteak) gaineratu dute "Aldundiaren oniritzia" duela egoerak, erakunde horrek "beste alde batera begiratzen baitu, ez du eskatzen kontratua betetzea, eta ez du baliabide nahikorik
jartzen espedienteak ebazteko atzerapen horiekin amaitzeko".
Araudia betetzea eta neurriak ezartzea
Gauzak hala, EH Bilduko Arabako alkateek Aldundiari eskatu diote, alde batetik, zerbitzuaren araudia betetzea, horrek ekartzen duenarekin: zerbitzua behar duen pertsonak "ahalik eta denbora gehien egon behar duela bizi-kalitate onargarriarekin eta zaintzaileei laguntza eskaintzeko aukera eman behar zaiola".
Era berean, ahal dituen neurri guztiak ezartzea ere exijitu diote foru erakundeari, erabiltzaileek eta gizarte-langileek identifikatzen dituzten beharrekiko aproposa den zerbitzua eman ahal izateko.