Aiaraldeko Biziberritze Plana lehenbailen ezartzea eskatu du EH Bilduk Legebiltzarrean

Maider Ramirez Martin 2025ko uzt. 4a, 07:00

Itxaso Etxebarria legebiltzarkidea asteleheneko Ekonomia, Lan eta Enplegu Batzordean. / Irekia

Berehalako Ekintza Plana "egingarriak diren ekimenetara" eta tokiko erakundeekin elkarlanean bideratzearen garrantzia azpimarratu du talde subiranistak. 

EH Bilduk Aiaraldea biziberritzeko Berehalako Ekintza Plana (BEP) ezartzeko eskaria eraman du Eusko Legebiltzarreko Ekonomia, Lan eta Enplegu Batzordera. Koalizioak adierazi duenez, 2024an amaitu behar zen Aiaraldea biziberritzeko egitasmo hori,  "baina gaur egun oraindik ez da bete" eta horrek, gainera, ekarri du bertan jasotzen ziren neurri batzuk "desfasatuak geratzea".

Betetzeke dauden ekintzen artean hauek aipatu ditu, besteak beste, Itxaso Etxebarria legebiltzarkideak: "Laudio Glass Hub-en bidez Aiaraldea beiraren sektorean erreferentzia nazionaleko eta nazioarteko hub gisa kokatzea edo Aiaraldea Industrial Lab-en startup-ak erakartzea, sortzea eta azeleratzea, industria-sektore nagusietan bereziki".

Era berean, EH Bilduko kideek ohartarazi dute langabezia tasari dagokionez, Aiaraldeko egoera ez dela gehiegi aldatu Legebiltzarrean horri buruzko ponentzia bat egitea proposatu zutenetik, eta orduantxe Laudioko langabezia-tasa % 13,45ekoa bazen, eta Amurriokoa % 14,07koa, gaur egun % 12,32koa eta % 14,27koa dira, hurrenez hurren.

"Lankidetza eta egingarritasuna"

"Lankidetza eta egingarritasuna". Bi alderdi horiek betetzea eskatu dizkie EH Bilduk Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari. Azken horri, bereziki, "hautatutako lerro eta neurriak eskualdeko udalekin lankidetzan berrikusi ditzala" eskatu dio, "ahalik eta eraginkortasun eta adostasun maila altuena lortze aldera". 

Aiaraldetik bertatik jardutean egin dute azpimarrarik handiena, eta "eskualdetik esaten ari direna" eraman dute Ekonomia, Lan eta Enplegu Batzordera, alegia, "Aiaraldeko berehalako ekintza-plana amaigabeko ekintza-plan bihurtu dela, eta Aiaraldeak ezin duela gehiago itxaron".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide