Aiaraldeko herri batetik bestera egin du salto asto-zirku ibilaldiaren seigarren edizioak. Hiru etapako ibilbidea egin zuten, hiru egunetan. Ostiralean atera ziren Amurrioko parketik, Etxaurrenera iristeko. Larunbatean Añesetik Artziniegara egin zuten txangoa, eta Artziniegatik Zuhatzara igandean. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, "astoen erritmora" egin zuten martxa, "ez astoen gainean".
Ibilaldia egiteaz gain, zirku sozial emanaldia ere eskaini zuten Artziniegako igerilekuetan. Okondon ere taularatuko zuten, baina bertako saioa atzeratu egin behar izan zuten azkenean.
Gasteizko Azirkarte eta Ikiriki elkarteak daude ekimenaren atzean, eta aniztasun funtzionala duten pertsonak gizarteratzen laguntzea dute helburu. Hain zuzen, Azirkarte elkarteak zirku soziala jorratzen du. Ikirikik, aldiz, zaldi eta astoekin jarduten du “pertsonen egoera hobetzen laguntzeko”.
Argazkiak: Azirkarte elkartea eta Artziniegako Udala