Zentral berriztagarriek sortzen duten energia biltzeko bi azpiegitura eraikitzeko baimenak eskatu dituzte eskualdean, Laudion eta Aiaran

Aitor Aspuru Saez 2025eko uztailaren 7a

Energia biltzeko BESS bateriak Virginian, Estatu Batuetan. / Wikipedia

Murgan egongo litzateke kokatuta Aiarakoa eta Laudiokoa, aldiz, Latiorrotik gertu jarriko lukete. Azpiegitura horien eginkizuna da energia berriztagarriaren kudeaketan laguntzea, produkzioak kontsumoa gainditzen duenean batez ere. 

Energiari lotutako proiektuen uholdeak ez du etenik Aiaraldean. Iragan astean argitaratu zuten Laudion instalatu nahi duten energia biltzeko zentral berriaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa. Zehazki, Eusko Jaurlaritzak plazaratu zuen eta jakinarazi zuen Athurri Solar Energy enpresa dagoela egitasmo horren atzean. 

Berez, 'stand alone' motako BESS bateriak erabili nahi ditu konpainia horrek. Teknologia horren helburua da energia berriztagarriaren kudeaketan laguntzea, gehienbat, produkzioak kontsumoa gainditzen duenean. Hau da, eskualden garatu nahi dituzten bestelako proiektuetara egongo da lotuta.

Laudioko zentralak 8.968 metro karratu okupatuko ditu zuzenean. Hori bai, eremu guztiak 30.922 metro karratu hartuko ditu.

4,2 MWh-ko gaitasuna izango du instalazioak eta 20 urtez erabiliko dela erantsi dute. Laudion jadanik dagoen estazio elektrikoaren alboan garatu nahi dute proiektua, existitzen den banaketa sarea baliatzeko.

Berez, dokumentazioak ez du gehiegi zehazten hartuko duen lursaila, baina aintzat hartuta estazio elektrikoaren parean eta A-625 errepidetik 50 metrora egongo dela, ondorioztatu daiteke Altzarrate futbol zelaiaren alboan eta Guardian enpresako lantegiaren atzean egongo dela.

Txostenak aipatzen du azpiegituraren sarrera Larrea kalean izango dela, baina Aiaraldea Komunikabideak Laudioko Udalarekin kontrastatu du datua eta tokiko erakundeak berretsi dio bide horren izena Larra dela, hau da, Guardian atzetik igarotzen dena.

Eusko Jaurlaritzak hainbat babes neurri ezarri dizkio Athurri Solar Energyri ingurumen-inpaktuaren ebaluazioko prozedura arrunta ekidin nahi badu. Besteak beste, inguruko etxebizitzetan izango duen eraginaren azterketa sakona egitea eskatu diote.

Aiaran ere mota bereko azpiegitura eta Udalaren ezezkoa

Aiarako udalerrian ere energia biltzeko instalazio bat eraikitzeko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa jaso zuten iaz. Kasu horretan Lemon Tree Power enpresa da sustatzailea. "PB navegantes 31" da egitasmoaren izena eta 23 MWko gaitasuna izango du. 4.791 metro karratu okupatzeko asmoa dauka Murgan, baina Aiarako Udalak jadanik adierazi du ezinezkoa dela egikaritzea.

Izan ere, enpresak zoru industriala hautatu du horretarako eta, tokiko erakundeak azaldu duenez, hirigintza araudia aintzat hartuta, horrelako eremuetan ezin dira eraiki oinarrizko zerbitzuak emateko azpiegiturak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide