Bihar abiatuko dute Urmuga ekimen ibiltaria eta lehenengo etapa Urduñan amaituko da. Larunbatean, ordea, Garrastatxun izango da egitasmoaren hitzordu garrantzitsuena. Hain zuzen, Arabako kontzertu nagusia eskualdean izango da.
Horrela, 18:30ean Alaitz eta Maider, Leturia eta Irati Arcelus, Anje Duhalde, Et Incarnatus Orkestra, Fede de Dios eta Pirata musikariek zuzeneko emanaldia eskainiko dute. Sarrerak 20 euro balioko du, baina Aiaraldea Komunikabideak bestelako aukera eskainiko du. Izan ere, bihar sarrera bikoitza zozkatuko du eta hemen eman daiteke izena.
Bihar hasiera
Kultura jardueraz zipriztindutako mendi ibilaldia bihar abiatuko dute goizeko bederatzietan Anguloko mendatean eta Txapela Bravak hiru abesti joko ditu hasieran. Mendizaleek Txarlazo Mendi Taldeko kideen laguntza izango dute. Horrela, Gorobel osoa zeharkatu eta 17:00etan Antiguako Santutegira helduko dira.
Ordu horretan Aitor Aspuru panderojolearekin eta Lander Txato trikitilariarekin batuko dira eta handik kalejiran joko dute Foru plazaraino, non harrera egingo dieten adarren soinuekin, Erauntsi Dantza Taldeko kideen agurrarekin eta Getxa Goi txistularien musikarekin.