Ekhi Uriartek oso esperientzia positibotzat jo du Espainiako Txirrindularitza Selekzioarekin lehiatu izana

Aitor Aspuru Saez 2025eko uztailaren 15a

Ekhi Uriarte txirrindularia./ Alimco Campagnolo

Aiaraldearra oso denboraldi txukuna egiten ari da eta Nazioen Kopan parte hartzeko deia jaso zuen, junior kategorian. 

Ekhi Uriartek amets bat bete zuen ekainaren 7an eta 8an G.P. F.W.R. Baron-Pieve del Grappa-Possagno lasterketan lehiatuta. Nazioen Kopan aritzeko Espainiako Selekzioaren deia jaso zuen eta txirrindulariari balio izan zaio konturatzeko munduko hainbat gazterekin indarrak alderatuta, "ondo lehiatzen" dela.

Uriartek erlojupeko proba bat eta bi zirkuitu egin zituen eta "oso esperientzia polita" izan zela ziurtatu dio Aiaraldea Komunikabideari. 

Eskualdeko txirrindularia ondo egiten ari da, baina denboraldi hasieran ez zekienez zeintzuk izango ziren bere emaitzak, ez zion jarri helbururik bere buruari. Hala ere, zenbait amets bete ditu eta denboraldia ez da oraindik amaitu. Horietako bat zen selekzioaren deia jasotzea eta, nahiz eta ondo egin, ez zen zerbait bere esku zegoena. "Ez nekien ziur deituko zidaten", argitu dio komunikabideari.

Podium ugari

Lasterketa oso txukunak egiten ari da Uriarte eta horren adibidea da Amurrioko Sari Nagusia irabazi zuela maiatzan. Horrez gain, podiumak zapaldu ditu behin baino gehiagotan (Muskizko Udalaren Sari Nagusian, Udaberriko Klasikan eta El Baruco Sarian hirugarren izan zen).

Edonola ere, Uriarterentzat sailkapen garrantzitsuenak Besayako Itzuliaren etapa erregineko laugarren postua eta San Vicenteko Sari Nagusiko laugarren tokia. Izan ere, bi probek nazioarteko maila daukate eta atzerriko puntako txirrindulariekin neurtu zituen indarrak.

Hurrengo xedeak

Gauzak horrela, kirolariak bi ideia ditu buruan. Alde batetik, Iruñerriko Itzulian edo Kantabriako Itzulian parte hartzea, bietako batean, eta ondo egitea.

Bestetik, Alimco Campagnolorekin, hau da, bere taldearekin, Italiara joko du nazioarteko proba batean aritzeko. "Ez da Munduko Kopa, baina maila bera dauka. Guztiek irabazi nahi dute, ni ez naiz horren garaile, baina ondo egitea espero dut", aipatu du.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide