Xabier Solaunek denboraldiko bigarren podiuma eman zion Aiala Txirrindularitza Elkarteari Zumaian

Aitor Aspuru Saez 2025eko uztailaren 17a

Aiala Txirrindularitza Taldeko kideak Zumaian.

Esprintean bigarren sailkatu zen Xabier Solaun eta lasterketa osoan egindako lanak emaitza positiboa utzi zuen.

Larunbatean Zumaiara jo zuen Aiala Txirrindularitza Elkarteak eta podiuma zapalduta itzuli zen etxera. Hain zuzen, Xabier Solaunek bigarren zeharkatu zuen helmuga, esprintean.

Horretarako lan txukuna egin behar izan zuten. Lehenik eta behin, ihesaldi guztietan sartu ziren eta gero ondo kokatu ziren esprintean. Izan ere, ez zen ezustekoa izan horrela erabakitzea proba eta 43 kilometro orduko batez bestekoa egin zuten txirrindulariek. 

Ander Colmenero ere lehen hamarren artean egon zen, bederatzigarren postua eskuratu baitzuen.

Uztailaren lehen asteburuan lehen podiuma

Uztailaren 6an heldu zen eskualdeko taldearen denboraldiko podiuma Sorian, baina zapore mikatza utzi zien. Berez, Ander Colmenero hirugarren izan zen, baina ezin izan zuen bere indar guztia baliatu. Matxura mekanikoa izan zuen helmugara heltzeko bi kilometro falta zirela eta ezin izan zen lehiatu azken esprintean garaipena erdiesteko.

Colmenerok ere zorte txarra izan zuen astebete lehenago Txuma Memorialaren barruan Leioan izandako etapan. Ondo kokatuta zegoen lasterketan, baina txirrindula matxuratu zitzaion.

Dena den, izandako azken bi podiumekin, Aiala Txirrindularitza Taldeak egindako denboraldi ona islatu du. Izan ere, martxotik hona bere kideek hainbat aldiz lortu dute lehen hamar sailkatuen artean egotea eta podiuma ia ukitzea, lasterketak laugarren amaituta.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide