Espainiako Auzitegi Gorenaren azken epaiaren kontra mobilizatuko dira Orozkon eta Arrankudiaga-Zollon

Aimar Gutierrez Bidarte 2025eko uztailaren 18a

2023an batu zen Arrankudiaga-Zollo udalerri euskaldunen mankomunitatera. / Aiaraldea.eus

UEMAk deituta, elkarretaratzeak egingo dituzte larunbatean Orozkoko eta Arrankudiaga-Zolloko udaletxeen aurrean, Espainiako Auzitegi Gorenak, VOXen helegitea abiapuntu, EAEko udal legearen aurka emandako azken epaia salatzeko.

Erreakzio kate luzea ekarri du Espainiako Auzitegi Gorenak EAEko udal legeko euskara sustatzeko zenbait artikuluren aurka helarazitako epaiak. Sententziak arrazoia eman dio EAEko Auzitegi Nagusiak, VOX alderdi ultraeskuindarrak jarritako helegiteari erantzunez, 2023an hartutako erabakiari. Euskara lehenetsiz gero, "hizkuntzen koofizialtasuna urratzen dela" ebatzi du Gorenak.

Gauzak horrela, kolpe gogorra jaso du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udaletan euskara hauspotzea helburu zuen araubideak, VOXen tesiekin bat eginez. Baliogabetutako artikuluen ausentzian, aurrerantzean Udalek ez dute euskarazko funtzionamendua bideratzeko edo ahozko harremanetan euskara lehenesteko babes legalik izango, besteak beste.

Udal Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) zuzendaritza batzordeak premiazko bilera egin zuen atzo goizean, egoera baloratu eta erantzuna erabakitzeko. "Euskara bigarren mailako hizkuntza izatera kondenatu dute, beste behin ere", adierazi dute UEMAko ordezkariek. Epaia "larritzat" jo dute, "euskal gizartearen eta euskal erakundeen erabaki demokratikoaren aurkakoa ez ezik, azken hamarkadetako hizkuntza-politiken aurkakoa ere badelako, eta euskara beraren ofizialtasuna ere zalantzan jartzen duelako, ondoan gazteleraren makulua ez duenean".

"Euskara bigarren mailako hizkuntza izatera kondenatu dute, beste behin ere", adierazi dute UEMAko ordezkariek.

Auzitegi Gorenaren epaiak argudiotzat duen "koofizialtasunaren urraketari" honela erantzun dio UEMAk: "Euskara ez da beste hizkuntza ofizialen parekoa. Ezta ofiziala den lekuetan ere. Europako Hizkuntza Gutxituen Sareak adierazi duen bezala, euskara larrialdi linguistikoan dago. Baita minorizazio gorrian ere, azken ikerketek erakutsi duten moduan. Izan ere, euskara jazarria, debekatua eta isildua izan da mendeetan zehar. Hizkuntzak ez dira galtzerdiak bezala galtzen. Desagerrarazi egiten dituzte. Euskararekin ere ahalegindu dira, eta gutxitu dute, baztertu dute, eta baita bigarren mailakoa bihurtu ere. Hori da gaur egungo egoera ulertzeko abiapuntua".

Mobilizazioak udaletxeen aurrean

Gauzak hala, epaiaren aurrean mobilizatzeko deia luzatu du UEMAk. Espainiako Auzitegi Gorenaren erabakiak, batez ere, udalerri euskaldunei eta euskaraz aritzen diren udalei eragingo diela uste du mankomunitateak. Hori dela eta, elkarretaratzeak egingo dituzte larunbat honetan (uztailak 19), 12:00etan,  UEMA osatzen duten 118 udalerrietako udaletxe guztien aurrean.

Aiaraldean ere oihartzuna izango dute protestek. Orozko eta Arrankudiaga-Zollo dira, gaur gaurkoz, UEMAko kide, eta bi udalerri horietan ere mobilizatuko dira larunbatean. Orozkon Zubiaur plazan egingo dute elkarretaratzea, Arrankudiagan, aldiz, herriko plazan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide