Larrialdiak ez diren kasuak artatzen dituen anbulantzia zerbitzua publifikatzea exijitu du ELAk, egungoak legea betetzen ez duela argudiatuta

Erredakzioa 2025eko uztailaren 23a

Larrialdiak ez diren kasuak artatzen dituen anbulantzia zerbitzua publiko egitea aldarrikatu du ELAk. / Aiaraldea.eus

Sindikatuak salatu du Bizkanb enpresak ez dituela soldatak behar bezala ordaintzen eta astero hiruzpalau lan istripu dituela, besteak beste. ELAk uste du ematen duen zerbitzua ezinbestekoa dela eta, ondorioz, publikoa izan beharko litzatekela.

ELA sindikatuak oharra zabaldu du salatzeko larrialdiak ez diren kasuak artatzen dituen enpresak ez duela legea betetzen. Konpainia hori Bizkanb da eta Alsa taldeko Sanir anbulantzia enpresak eta Baztan-Bidasoa anbulantziek osatzen dute. Berez, Galdakaoko Barrualdea hartzen dute bere gain, Aiaraldea barne.

Iaz hasi zen zerbitzua ematen Bizkanb, Grup La Pau ordezkatuta. Azken enpresa horrek milioi bat euro inguru ordaindu gabe utzi zien langileei, baita 800.000 eurotik gorako zorra ere foru ogasunarekin.

Gauzak horrela, eta Eusko Jaurlaritza garraio sanitarioaren zerbitzua esleitzeko deialdiaren atarian egonda, ELAk aldarrikatu du osasun garraioa ezin dela azpikontratatua egon eta erabat publikoa izan beharko litzatekela.

Soldatak txarto ordaintzea

Langile erakundeak honakoa azpimarratu du: "Hasieratik, nominetan akatsak egin dituzte, eta batzuetan ez da bere osotasunean ordaindu. Lan ikuskaritzaren aurrean salatu zuen ELAk egoera, eta baita ez zeudela eginda berdintasun eta jazarpen plan eta protokoak ere. Bestetik, aurreko enpresarekin ordaintzeke zeuden abonuak maiatzean hasi ziren ordaintzen, ez lehenago".

Enpresak ez du paziente kutsakorren protokoloa bete eta anbulantzia berean garraiatu ditu COVID-19 zuten eta dialisia zuten pazienteak.

Gaixo kutsakorren protokoloa bete gabe

Sindikatuarentzat are larriagoa da Bizkanbek nola jokatu duen zenbait gaixo kutsaturekin, protokoloa bete gabe: "Anbulantzia partekatu dute COVID-19 duen eta dialisia behar duen pazienteek. Era berean, anbulantziak homologatuta ez dauden beste helburuetarako erabili nahi izan dituzte (larrialdiak anbulantzia kolektiboetan, adibidez, gutxieneko dotaziorik gabe)".

Lan istripuak

ELAk salatu du, gainera, erabiltzaileena ez ezik, langileen osasuna ere jokoan jartzen duela enpresak eta astero hiruzpalau istripu dituztela beharginek: "Enpresak uko egin zion langileen osasuna babesteko azterketa ergonomikoa aplikatzeari. Gainera, sindikatuen eta laneko arriskuen prebentzioko ordezkarien lana etengabe boikoteatzen saiatu dira".

Astero hiruzpalau istripu dituzte zerbitzuko langileek, sindikatuak salatu duenez.

Desoreka zuzendaritzan

Azkenik, langile erakundeak gaineratu du 460 langile direla eta zuzendaritzan 50 lagun daudela. ELAk aipatu du, halaber, behar baino anbulantzia gutxiagorekin funtzionatzen dutela: "Atzeratu daitezkeen larrialdietarako eta asaldatutako pazienteak ospitaleratzeko hiru anbulantzia behar ziren arren, bakarra dago 9:00etatik 21:00etara gutxieneko langile kopuruarekin".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide