“Duela 14 urteko errepertorioa joko dugu Amaiurrekin Hatortxu Rocken”

Txabi Alvarado Bañares 2025eko uztailaren 23a

Amaiurreko kideak, larunbateko kontzertua prestatzeko entseguan eginiko argazki batean. / Amaiur

Eszenatokira itzuliko da Amaiur erromeria taldea larunbatean, Hatortxu Rock jaialdiaren azken edizioan. Bost taldekide arituko dira oholtza gainean, Aiaraldekoak gehienak. 

“Urtez urte tantaz tanta” kantatzen zuen Amaiur taldeak bere abesti propio bakanetako batean eta, konturatu orduko, 14 urte igaro dira erromeria talde mitiko horrek azken kontzertua eskaini zuenetik. 2011ko urtarrilaren 15ean egin zuten agurra 1.200 pertsonen aurrean, oraindik zortzi hilabete gehiago iraungo zuen Kukutza gaztetxeko oholtzan.

Urte bereko maiatzean, ordea, emanaldi solidarioa eskaini zuten Ugaon, taldeko baxu-jolea izandako Josu Lezamaren alde. “Tumorea izan zuen buruan eta errehabilitaziorako dirua bildu behar zen”, azaldu du Eriz Perezek, taldeko gitarra jotzaileak. 

Ordutik hona ez dira berriro bildu, baina beste proiektu batzuetan bat egin eta harremana mantendu dute. Izan ere, Perezen hitzetan, “oso giro ona” dago taldekideen artean. “Jo izan dut beste talde batzuetan ‘erromeria-enpresa’ direnak, baina guk talde izaera mantendu genuen, lagun-talde bat ginen”, azaldu du musikari urduñarrak. 

Hatortxu Rockeko kideen eskutik jaso zuten larunbatean jotzeko proposamena. WhatsApp taldea osatu zuten taldekide ohi gehienekin, eta horietako bost igoko dira oholtzara, Aiaraldekoak gehienak. 

Hori agerian geratu zen atzo, berriro elkarrekin entseatzeko bildu zirenean. Izan ere, 14 urteren ostean, oholtzara itzuliko da Amaiur, kontzertu berezia eskaintzeko Hatortxu Rocken azken edizioan.

Larunbat gauean izango da zita Lakuntzako herrigunean, 00:00etatik 2:00etara bitartean. “Oso oroitzapen onak eta anekdota asko” azaleratu dira entseguan, Perezek azaldu duenez. “Lasai geratu gara ikusi dugulako ez dugula pena asko emango”, aipatu dio urduñarrak Aiaraldea Komunikabideari barre artean, “baina egia da gehienak musika munduan geratu garela, ez gara zerotik hasi. Gainera, hainbeste kontzerturen ostean, kantak grabatuta geratzen dira hor nonbait burmuinean, nahiz eta 14 urte igaro”.  

Naroa Gaintza abeslariari luzatu zioten Hatortxu Rocken kontzertua eskaintzeko proposamena. “Azkenengo edizioa denez, zee edo zer berezia egin nahi zuten eta jaialdiarekin lotura izan duten talde batzuk berreskuratzen saiatu dira: Buitraker, Latzen…”, azaldu du Perezek, “guk hiruzpalau ediziotan jo dugu, eta sanferminetan ere makina bat aldiz aritu gara Herriko tabernan. Harreman ona dugu antolatzaileekin eta bat egiten dugu ekimenaren helburuarekin”.

Gauzak hala, baiezkoa eman eta proposamenari forma emateari ekin zioten. “WhatsApp taldea egin genuen kide gehienekin, eta ahal izan dutenek bat egin dute”, azaldu du Perezek. Izan ere, taldekide ugari igaro ziren Amaiurretik 2002tik 2011ra bitartean.

“Lehenak Ugaokoak izan ziren. Hasieran folk talde bat osatu zuten eta ondoren bilakatu zuten erromeria. Gero sartu ginen gu”, oroitu du urduñarrak. Garai biziak izan ziren, “500 kontzertu baino gehiago” eskaini baitzituzten urte gutxitan, “eta zaila zen erritmoa jarraitzea”. Izan ere, jaiari amaiera emateaz arduratu ohi ziren Amaiurreko kideak, erromeria huts bat baino, “amaiera festa” eskainiz. 

Taldeko bost kide arituko dira larunbatean Hatortxu Rocken: Eriz gitarran, Ruben trikitian, Esteban baterian, Lander baxuan eta Naroa ahotsetan. Lehengo hirurak dira Aiaraldekoak eta, aipatu dutenez, Kepa Calvo urduñarra eta Gorka Chamorro arrankudiagarra ere aritu dira saltsan, azkenean oholtzara igo ezingo den arren, agenda kontuengatik. 

Duela 14 urteko errepertorioa

Errepertorioari dagokionez, ez da sorpresarik egongo, 2000ko hamarkadaren nostalgia txutea izango da kontzertua, Perezek aurreratu duenez. “Guk garai hartan jotzen genituen kantak plazaratuko ditugu, 14 urte eta gero klasikoak bilakatu direnak”, aipatu du barren artean, “Kortatu, Fermin Muguruza, Etzakit, Joxe Ripiau… garai hartan jotzen genituen abestiak izango dira. Batzuk gaur egun ere jotzen dira erromerietan, baina beste batzuk nik behintzat ez ditut aspaldi entzun”. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide