Goi mailako txirrindularitzak bisitatuko ditu Aiaraldeko errepideak datorren abuztuaren 7an, osteguna, Burgoseko Itzuliaren XLVII. edizioan.
Hiru mendate Aiaraldean barrena
Astebeteko itzuliaren 3. etapa izango da eskualdea zeharkatuko duena. San Pedro de Cerdeña monasteriotik abiatuta, 185 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute kirolariek, eta ia 50 kilometro beteko dituzte Aiaraldeko errepideetan barrena.
Angulo mendatean behera egin ondoren, Añesetik sartuko da tropela Aiaraldera. Bertatik gertu topatuko dute txirrindulariek euskal lurretan igo beharreko lehenengo portua. Ozekako gaina igoko dute, hain zuzen ere, Erbitik. Itzuliak 2022an bere ibilbidean sartu zuen El Mortirolillo goitizenez ezagutzen den aldapatzar gogor hori. Hiru kilometro baino gutxiagoko luzera du igoerak, eta %9ko bataz besteko penditza.
Ozeka gaindituta, Belandiako errepidetik egingo du tropelak Urduñarainoko bidea, Landetako Gaina igaroz. Tartean, igoera bikoitzari egin beharko diote aurre txirrindulariek: Mendeikako bidegurutzeraino eta Landetako Gainean bertan.
Urduñako Portuak sortuko du ikusmira gehien. Helmugatik 20 kilometrora gaindituko dute txirrindulariek 7 kilometroko igoera ezaguna, eta giltzarri izango da etapako garaipena eskuratu nahi dutenentzat.
Antolakuntzak egindako aurreikuspenen arabera, 15:00rak aldera gurutzatuko du tropelak Araba eta Burgos arteko muga, eta lasterketako txirrindularirik azkarrenak 15:15ak aldera beharko luke Ozekako gainean. Landetako Gainetik 15:41 eta 16:04 bitartean igaroko dira. Atsedenerako tarterik gabe eta dena ondo bidean, 15:48ean ekingo dio lasterketa buruak Urduñako portuko igoerari.

Mikel Landaren itzulera
Mikel Landa txirrindulariarena izango da aurtengo Burgoseko Itzulian gehien entzungo den izenetako bat. Aurtengo Giroan erorketa izan zuen Landak, eta orno bat apurtu zuen bertan. Aurreikuspenen arabera, lehiaketatik kanpo igaroko zuen denboraldiko gainerako zatia, baina duela bi aste baieztatu zuen itzuliko antolakuntzak amurrioarraren presentzia, Soudal Quick-Step taldearen gidaritza lanetan. Landak bi aldiz irabazi du Burgoseko lasterketa, 2017an eta 2021ean.