Noiz eta nola sortu zen zuen proiektua? Zer nolako bilakaera izan duzue orain arte?
Beti izan dugu buruan erromeria bat sortzea baina, ez daukagunez inolako talenturik, erabaki genuen musika jartzea aukera hobea zela, nahi genituen abestiak jarri ahal izateko.
Nola definituko zenukete zuen proiektua? Zertan ezberdintzen zarete eskualdean egon daitezkeen beste musika jartzaile edo DJetatik?
Nahi genuen musika apur bat alternatiboagoa jarri, uste dugulako reggaetoia jartzen duten DJ oso onak daudela jada. Gainera, Instagramera igotzen ditugun bideoek zerbait berezia dutela eta askok egiten ez duten zerbait direlakoan gaude.
Zeren arabera erabakitzen duzue zer musika mota jarri une bakoitzean? Aurretik prestatuta eramaten duzue dena edo inprobisaziorako tartea izaten duzue?
Honek eztabaida askotara eraman gaitu, gure artean ez garelako ados jartzen, baina orokorrean gure ideia reggaetoia, pop-a, euskal musika edota ingelesezko abestiak nahastea da. Hala ere, erreparatu egin ohi diogu aurrean dugun publikoari eta jendeak ematen dizkigun sentsazioei.
Azken urteetan musika jartzaile edo DJak ugaritu egin dira eskualdeko jaietan. Zergatik uste duzue dutela arrakasta horrelako proposamenek bestelako musika eskaintza batzuen aurrean?
Musika estilo anizkoitzagoa eskeintzen dugulako, abesti mitikoak eta berrien arteko parekotasuna bilatzean, publiko zabalago bati gustatzen zaiolako.
Musika jartzerako orduan nola kudeatzen duzue entzuleen partetik jasotzen dituzuen gomendio edo eskakizunak?
Gure kasuan, abestiak deskargatuta izanda, zail samarra egiten zaigu gomendio guztiei kasu egitea, baina eskatutako abestia badaukagu, normalean eskatu bezain pronto jartzen dugu, talde edo pertsona hori pozteko. Deskargatuta ez badugu, hurrengo txandarako eskaturiko abestia deskargatzen saiatzen gara.
"Aurten, gure lehen urtea denez, gehien bat eskualdean egongo gara, Laudio eta Amurrion"
Zer nolako plana duzue uda honi begira? Ze tokitan arituko zarete musika jartzen?
Aurten, gure lehen urtea denez, gehien bat eskualdean egongo gara, Laudio eta Amurrion. Laudion Ugarte auzoan egongo gara asteburu honetan eta Amurrioko txosnagunean arituko gara Txupinazo egunean, abuztuak 12.
Aipatu ahal diguzue, zuen ustez, uda honetan falta ezin diren bost abesti?
Guretzat uda honetan falta ezin diren abestien artean, La Morocha, Mr Moondial, Puta Ripagaña, Marta, Sebas, Guille y los demás edota Bollikau egon daitezke.
Eta parranda bat ixteko zein abesti aukeratuko zenukete?
Guk parranda ixteko, remix berezi bat prestatzen dugu, normalean Julieta Venegasen Me Voy abestiarekin hasten dena, reggaetoi abesti batekin jarraitzen duena eta, nola ez, txikitatik dakigun abesti batekin amaitzen dugu: Pirritx eta Porrotxen Iritsi da Eguna.