BM enpresak Amurrioko eta Laudioko dendetako langileak "akordiorik gabe utzi dituela" salatu du LAB sindikatuak. Negoziazioa “hainbatetan atzeratu” eta azkenean “uko egin” diola azaldu dute zabaldutako oharrean.
Azaldu dutenez, egoera honek duela bi urte du abiapuntua, BMk akordio berria sinatu zuenean Araban dituen denda guztiekin. Aiaraldeko saltokiak, Amurrion eta Laudion daudenak, negoziazio horretatik kanpo geratu ziren.
Sindikatuak aditzera eman du enpresak langileei esan ziela “akordio berria negoziatuko zela eta eskubiderik ez zutela galduko”. Dena den, negoziaziorako garaia heldu denean, zuzendaritza aukera hori baztertu eta baldintza propioak ezartzen saiatzen ari da, LABek ohartarazitakoaren arabera.
“Presioa eta xantaia”
Horrez gain, zuzendaritzaren aldetik beste hainbat jarrera salatu ditu sindikatuak. Izan ere, zenbait bileretan langileei “eskubiderik ez erosahalmentik galduko ez zutela” aipatu zieten, betiere akordio berria adosteko zutelako konpromisoa hartuta.
Laneko osasunaren ebaluazioari lotutako arazoak ere identifikatu ditu LABek, langileek eginiko ekarpenak baztertu eta gaiari ez diotelako heltzen ari, sindikatuaren aburuz.
Gainera langileek “presioa eta xantaia” ere sufritu dute, “bai dendetan eta baita enpresak antolatutako jardunaldi batzuetan ere”.
Egoera kontuan hartuta, udan ekintza sindikalak egingo dituela jakinarazi du LABek, “langileen eskubideak eta baldintza duinak defendatzea zilegi dela” aldarrikatzeko.