Oso estilo desberdinetatik zatozten musikariak zarete. Nola egin duzue topo Txapela Brava bezalako proiektu batean?
Sabin Gauresti: Amurrioko San Anton azokan hasi zen guztia. Unai Etxebarriarekin egin nuen topo, bere aitarekin musika jotzen ari zela. Hizketaldian rantxerak zenbat gogoko genituen komentatu genion elkarri, baita horrelako talde bat gustura egingo genuela esan ere. Telefonoak trukatu, eta segituan hasi ginen taldea sortzeko lanetan.
Musikari bila jarri ginen. Unaik Oskitz ezagutzen zuen ikastola garaitik, bera Cosmos orkestra ezagunean urte luzez aritutakoa da. Markel ere fitxatuta geneukan perkusionista gisa. Pablori ere luzatu genion taldera batzeko proposamena, berak ez du inoiz baxua jo, baina musikari ona da eta gitarrarekin trebea, eta animatu egin zen ere.
Zuen lehenengo aldia da honakoa rantxerak jotzen, edo aurretik ezagutzen zenuten erregistroa?
Markel Gonzalez: Euskal rantxeraren bat jo izan dut inoiz, Izargi erromeriarekin jotzen nuenean: “Marina Marina”, “Irkei bihotza”… Baina hau betse maila bat da!
Pablo Alonso: Ni musika munduan murgildu nintzenean Oasis, The Beatles, The Clash… ziren gure erreferenteak. Rock-and-rolla zen gure estiloa. Aurkikuntza izugarria izan da rantxerena, oso gustura nabil.
S.G.: Nik etxean rantxerak beti entzun izan ditut, baina sekula ez zitzaidan burutik pasa horiek jotzen amaituko nuenik.
Apustu irmoa egin duzue Txapela Brava taldean. Uste duzue badagoela rantxerak boladan jartzeko aukerarik?
S.G.: Lekeitiotik gertu, Oletan, aritu ginen uda hasieran. Beldurrez gerturatu ginen. Kontzertua 23:30ean zen eta rantxera-zaleak, ohikoan, publiko nagusia izaten da eta beranduegi zen haientzako. Jende oso gaztearekin egin genuen topo publikoan. Jotzen hasi eta publiko gaztearen erantzuna izugarria izan zen, giro polita piztu genuen. Musika atsegina eta dibertigarria da, eta zuzenean gozatzeko aukera eskaintzen ari gara.
M.G.: Hori da gure helburua, jendeak ondo pasatzea. Eta bide batez, abesti zaharrak berreskuratzea: Anselma, Adelita…
Taldearen iruditegiari ere eman diozue garrantzia: Txapela, ikusi-entzunezkoak…
S.G.: Txapela euskaldunon nortasuna adierazten duen elementua dela uste dugu, eta bandaren elementu zentral gisa hartu dugu.
P.A.: Txapela Brava izenarekin, Mexikoko rantxera taldeek duten izen estiloari egin nahi genion erreferentzia.
Oskitz Gorrotxategi: Hasieran ideia desberdin asko izan genituen taula gainera igoko genuen estiloaren inguruan, eta oraindik ere kontuak definitzen eta probatzen gabiltza.
P.A.: Gure nahia da euskaldun-mariatxi nortasuna taularatzea.
O.G.: Izan ditugu hainbat burutazio; alkandora erdia laukiduna izatea eta beste erdia mexikanoa, adibidez. Baina presaka hasi ginen eta ez dugu astirik zian hori ondo zehazteko.
Zer dela eta presa horiek hasieran?
S.G.: Pentsa, otsaila hasieran ekin genion taldeari buruz hitz egiteari, eta lehenengo kontzertua apirilaren 30ean eman genuen, San Josen. Ez genuen itxaron nahi, ideia bageneukan eta hori taularatu nahi genuen, uda sasoia ondo aprobetxatu ahal izateko
O.G.: Musikari gisa elkar ezagutzea izan da lehen erronka, oholtza gainean pieza guztiek ondo enkajatzen dutela ziurtatzea.
S.G.: “Castañazoa” hartu genuen San Joseko lehen kontzertu hartan (barreak). Gure lehenengo aldia zen batera oholtza gainean. Orain oso nabaria da hobekuntza, oso eroso gaude eszenatokian.

Zuzenekoez ari garela galdetu behar dizuet nondik datorren oholtza gaineko sofa hori.
M.G.: Txurdinagatik, 25 euroren truke (barreak).
S.G.: Niri okurritu zitzaidan ideia: sofa bat eszenatokira igo, ardo eta gazta pixka jarri eta publikoko norbaiti kontzertua hor goitik bizitzeko aukera eskaini. Orain kontzertu bakoitzean txapela pertsonalizatu bat ematen diogu sofan esertzen den pertsonari.
P.A.: Taldearen irudi bilakatu da sofa ere. Furgoneta gainean eramaten dugu toki batetik bestera eta jendeak segituan ezagutzen gaitu.
Kontzertu betetako uda bizia duzue honakoa.
S.G.: Esango nuke eskualdean Urduñan izan ezik gainerako herrietan jo behar dugula. Kontzertu ugari ditugu, tartean Bilboko Aste Nagusiko azken larunbatean. Guztira hogeita bi kontzertu eman behar ditugu uda amaitu aurretik.
M.G.: Zoramena ari da izaten kontzertu horiek guztiak gure beste proiektu eta bizitza pertsonalekin uztartzea.
S.G.: Udako maratoia bukatzean egin beharko dugu balantzea, baina 22 kontzertu lotuta izatea bada bide onetik goazenaren seinale.
Eta uda bukatuta, zer asmo ditu Txapela Bravak?
S.G.: Gure helburuak argiak dira: gu ez erretzea, musikak ez erretzea gu eta ondo pasatzea. Ilusioz beterik gaude proiektuarekin eta horrela jarraitu nahi dugu. Publikoarekin konektatzen gabiltza eta hori izugarria da, hunkitu egiten gara.
M.G.: Gure abesti propioak grabatzea polita litzateke, behin udako kontzertuekin amaitzerakoan.
O.G.: Neguak uste dut proiektuari lasaitasun handiagoz heltzeko aukera eskainiko digula. Orain helburua da gure burua ezagutaraztea eta jendeak gurekin ondo pasatzea. Izango dugu aurrerago gure kantuak ordenatzeko aukera.
P.A.: Nik primizia bat utzi nahiko nuke, eta gera dadila idatzita etorkizunerako: 2026an gure lehen diskoa kaleratuko dugu.
