Noiz eta nola sortu zen zuen proiektua? Zer nolako bilakaera izan duzue orain arte?
2019ko Amurrioko jaietan hasi zen dena. Egia esan, modu oso inprobisatuan sortu zen. Gau bat hutsik geratu zen eta jai herrrikoen batzordetik bota ziguten proposamena. Hasiera batean ez geneukan oso argi, baina beti izan gara oso saltseroak eta animatu egin ginen. Gau hori ikaragarria izan zen eta hortik aurrera proiektuarekin jarraitzea adostu genuen.
Nola definituko zenukete zuen proiektua? Zertan ezberdintzen zarete eskualdean egon daitezkeen beste musika jartzaile edo DJetatik?
Gu ez gara DJak. Uste dugu DJ hitza handiegi geratzen zaigula (barreak). Umilak izanda, MJ kontzeptuak (musika jartzaile) askoz gehiago definitzen gaitu, baina gure izaera eta proiektua ez da kontzeptu horretan geratzen. Ez gara MJ hutsak: "Animadore Soziokulturalak" bagara ere. Okupatzen ditugun espazioen dinamizazioa eta publikoarekiko harreman estua ezinbesteko osagaiak dira guretzat.
Zeren arabera erabakitzen duzue zer musika mota jarri une bakoitzean? Aurretik prestatuta eramaten duzue dena edo inprobisaziorako tartea izaten duzue?
Nahiz eta DJ profesionalentzako planifikazioa garrantzitsua izan, guretzako inprobisazioa eguneroko kontua da. Ezin duzu musika zerrenda jai bat baino lehen planteatu, bertako bibren edo giro zehatzaren arabera gorputzak eskatzen dizuna aldatzen delako. Bertan transmititzen dena ikusi, jaso, eta musikan berriro itzuli. Gehiago prestatzen duguna "performance"-a da. Hori gehien gustatzen zaiguna da.
Azken urteetan musika jartzaile edo DJak ugaritu egin dira eskualdeko jaietan. Zergatik uste duzue dutela arrakasta horrelako proposamenek bestelako musika eskaintza batzuen aurrean?
Herria dinamikoa da, kultura bezala, eta gaur egun uste dugu alternatiba bihurtu garela. Eskaintza zabala eskaintzen dugu; adin, publiko eta mota guztietako pertsonei moldatuz. Arrakasta? Herritik eta herriarentzat sortutako proposamenak direlako, eta erakargarriak izateaz gain, zintzoak eta egiazkoak direlako ere: Ez goaz ez garenaz. Gustatzen bazaizu, primeran! Eta ez bazaizu konbentzitzen, animatu! Seguru badaukagula abestiren bat zuretzat.
Musika jartzerako orduan nola kudeatzen duzue entzuleen partetik jasotzen dituzuen gomendio edo eskakizunak?
Publikoa entzutera behartuta gaude, gure dinamikan funtsezko papera jokatzen dutelako. Ala ere, egia da biok geure burua entzunle gisa ulertzen dugula ere, eta fidatzen gara gure gustu pertsonaletaz... azken finean ez gara hain alternatiboak eta ez gara hainbeste urruntzen gaur egungo gazteen ikuspegitik.
Zer nolako plana duzue uda honi begira? Ze tokitan arituko zarete musika jartzen?
Denboraldi honetan bakoitza zentratuta dago bere gauza pertsonaletan eta profesionaletan, baina proiektu hau ez da inoiz gelditzen. Hasteko, saiatzen ari gara ereserki bat sortzen amurrioarrentzat, udako gauak girotu eta berotzeko. Emanaldiei dagokionez, lan kontuengatik aurten gutxi agertu gara, baina Amurrioko jaietan egon gara, noski. Ona, laburra bada, bi aldiz ona.
Aipatu ahal diguzue, zuen ustez, uda honetan falta ezin diren bost abesti?
Erantzun zaila… Zer gertatzen da aurten? Ez dago udako abestirik, hit edo ereserki gogoraerraz bat. Hala ere, baditugu guilty pleasure batzuk:
- Bad Gyal - Da Me
- Rusowsky - malibU
- Euskoprincess - Euskañol
- Aimarz, Hazas, Malakias - OZTEGUNA
- Los Sufridos-en edozein batxata
Eta parranda bat ixteko zein abesti aukeratuko zenukete?
Mikel Laboaren Martxa Baten Lehen Notak abestiaren techno remixa... Chef kiss💋💋