Arrankudiaga-Zolloko talde memorialistak txostena prestatu du Guda Zibilean Arakaldon eta Arrankudiaga-Zollon gertatutako bonbardaketa guztiak jasotzeko asmoz. Edurne Ellakuria eta Txomin Egiluz egileek argitu dutenez, orain arte agertu den informazioa baino ez dute batu eta dokumentu edo lekukotza gehiago agertuz gero, prestutasun osoa daukate islatzeko.
Gauzak horrela, elkarteak azaldu du faxisten eta nazien hegazkinek 1937ko maiatzaren 10ean jaurti zituztela bonbak Zollon. Maiatzaren 12an eta 13an erasoak jarraitu zuen eta Bakiolako taberna suntsitu zuen.
Maiatzaren 15ean lehergailuek eztanda egin zuten Elexondon, Arenen, Garondon, Iberlandan, Arbiden... Hilerriak eta elizak kalteak izan zituzten. Hori gutxi balitz, Esperanza Urkixu eta bere ama eta Dominga Urkixu izeneko beste emakume batek hegazkinen metrailaketa beldurgarria jasan zuten.
Lehenengo hildakoak
Maiatzaren 22an hegazkin faxistek tren baten atzetik ibili ziren eta Aretara heldu zenean, inguruak bonbardatu eta txikitu zituzten. 25 urteko emakume haurdun bat (Maria Luz Ginea Usategui) eta Juan Galan Hernandez hil zituzten eta beste sei lagun zauritu. Maiatzaren 24an Condor Legioak Zollo eraso zuen.
Hirugarren hildakoa
Ekainaren 2an lehergailuak zerutik erori ziren berriro eta kasu horretan Arakaldo jo zuten bete-betean. Hain zuzen, Mikeleteen kuartela (egungo Errekagain Hotela) izan zuten jomuga eta 17 urteko gazte bat (mikelete baten semea) erail zuten; Segundo Elezkano.
Laugarren hildako bat, baina kanpoan
Ellakuriak eta Egiluzek beste heriotza baten berri eman dute, baina bonbardaketa, berez, ez zen eskualdean gertatu. Izan ere, Josefa Oqueranzak (Jon Egiaren ama) Kataluniara ihes egin zuen 1937an eta 1939an, kolpistek Bartzelona hartzeko asmoa zutenean, Sant Quirze de Besora bonbardatu eta han zegoen aiaraldearra hil zuten.
Babeslekuak
Halaber, txostenak zerrendatu ditu ere Arrankudiaga-Zollon eta Arakaldon zeuden babeslekuak:
- Atxeta kobazulo batean
- Uribarriko kobazulo batean
- Iberlandako estoldan (egun tren geltokia dagoen alboan)
- Aranzazukoerrekan
- Labekon Bakiolako trenaren tunela baliatzen zuten
- Arbiden trenaren zubia, zakuekin babestuta
- Arbideko estoldan
- Elexondoko estoldan
Ondorioak
Testuaren egileek aitortu dute Euskal Herrian jazotako hainbat bonbardaketekin (Otxandion, Gernikan, Durangon...), Arakaldo eta Arrankudiaga-Zollokoak ez zirela hain larriak izan. Ordea, eraso horien helburua zen herritarrak beldurtzea, eta egindako metrailaketa horren eredu argienak dira.