Bilboko alkateak dio La Vueltan sortutako istiluek eta "hedabide guztietan errepikatutako irudiak ariman min ematen diotela". Adierazpen horiei lehendakari, segurtasun sailburu eta diputatu nagusiaren adierazpenak ere gehitu behar zaizkie.
Dirudienez, Bilboko Itzulian herritarrek egindako ekintzek sumindura handia eragin diete, palestinarren genozidioak eta munduan oihartzuna duen kirol-ekitaldi baten bidez sionismoa zuritzeak eragiten diena baino askoz ere handiagoa.
Bilbora gerturatu ginenei denetarik deitu digute. "Betikoak". Baina bertaratutakook badakigu Bilbon gure gizartearen aniztasun sozial, politiko eta sindikalaren zati handi bat zegoela. Eta, horrez gain, ehunka pertsona anonimo, agian azken hauek dira gogaikarrienak eurentzat. Nik neuk esango nieke politikari horiei, hiria zauritu beharrean, elkartasun keinu horiek handitu egiten dutela munduaren aurrean.
Inoiz ez ditut ikusi hainbeste mobilizazio masiboak planeta osoan zehar, eta botere politiko, ekonomiko eta mediatikoek inoiz ez dituzte hainbeste zapaldu, ezkutatu eta entzun. Giza eskubideak krimen masiboen aurrean defendatzeak esan nahi du horiek ez direla zerutik erortzen, borrokatu egin behar direla. Desobedientzia zibila, boikot aktiboa eta zuritze saiakeren aurkako erresistentzia ekintzarik gabe, genozidioak aurrera jarraituko du. Hegoafrikako apartheidi aurre egin zitzaion bezala, orain ere egin daiteke eta egin behar da.
Zigorrik gabe eta harremanak eten gabe, genozidioa naturalizatu eta normalizatzeko mezua ematen da. Horregatik, Europan zehar jende askok bultzatzen eta presionatzen du zigor horiek aurrera eramateko eta harremanak entitate sionistarekin eteteko. Horiek direlako genozidioaren egileak eta konplizeak presionatzeko eta isolatzeko bideak.
Honezkero, milaka gorpuekin oraindik hondakinen azpian, gaindituta egon beharko luke iritzi guztiak errespetagarriak direla, politika kiroletik urrundu behar dela, hobe dela istiluetan ez sartzea, distantziakidetasuna.
Buruzagi koldar eta eskrupulurik gabeko klase horren aurrean, zarata egitea eta gorputza jartzea baita geratzen zaigun gauza bakarra.