Azaroaren 23an izango dira Arabako kontzejuetako hauteskundeak

Aitor Aspuru Saez 2025eko irailaren 9a

Aurreko hauteskundeen prestaketa 2021ean izan zen. / Aiaraldea.eus

Arabako Foru Aldundiak adierazi du litekeena dela irailaren 21ean irekitzea epea hautagaien zerrendak aurkezteko.

Arabako Foru Aldundiak gaur onartu du lurraldeko Administrazio Batzarren hauteskundeen prozesua abiatzea eta bozketak azaroaren 23an izango direla iragarri du.

Halaber, honakoa aurreratu du: "Deialdia eta eredu ofizialak ALHAOn argitaratu ondoren, litekeena da hil honen amaieran 21 eguneko epea irekitzea hautagaitzak aurkezteko. Ondoren, Arabako Lurralde Historikoko Hauteskunde Batzordeak aldarrikatuko ditu hautagaitzak, eta aldizkari ofizialean argitaratuko dira". 

Dena den, hori baino lehen udalek Administrazio Batzarrei bidali beharko diete erroldatuta dauden eta aukeratzeko eta hautatuak izateko eskubidea duten bizilagunen zerrenda. Zerrenda hori jendaurrean jarriko da bost egunez, kontzejuen ohiko deialdien lekuan, eta erreklamazioak aurkeztu ahal izango dira Hauteskunde Batzordean, hiru eguneko epean. 

Momentuz, Foru Gobernu Kontseiluak egindako aginduarekin hautestontzien, boto-txartelen, gutun-azalen eta gainerako agiri ofizialen ereduak finkatu dituzte, eta foru erakundeak Lurralde Historikoko Hauteskunde Batzordeari emango dizkio, kontzeju bakoitzeko hauteskunde-mahaiei banatzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide