Gurasoleku ekimena Artziniega eta Okondora zabaldu da, eskualde osoko gurasoei euskara sustatzen laguntzeko

Aitor Aspuru Saez 2025eko irailaren 17a

Eskualdeko ikastetxe guztiak inplikatu dira familien parte hartzea lortzeko. / Aiaraldea.eus

Okondo eta Artziniega ere batu dira euskararen erabilera familietan txertatzeko ekimenera eta irailaren 26ra arte egongo da tartea izena emateko. 0 eta 5 urte bitarteko umeak dituzten familientzako egitasmoa da, bereziki.

Aiaraldeko udalerri guztiek bat egin dute Gurasoleku ekimenarekin, ikastetxeen bitartez (horregatik Arakaldo da salbuespen bakarra, hezkuntza zentrorik ez duelako).

Programaren helburua da familiak inplikatzea euskalduntze prozesuan (transmisioan, erabileran, espazio aproposak ahalbidetzen...) eta horretarako hiru ildo eskaintzen ditu:

  • Guraso euskaltegia: Euskara ikasteko aukera emateko.
  • Gurasolagun: Guraso taldeak sortzen euskara praktikatzeko. Parte hartzaileek erabaki dezakete bidelagun edo bidelari izan. Lehenengoek hizkuntza menperatzen dute eta bigarrenei laguntza eskaintzeko prestutasuna dute.
  • Gurasolagun Agenda: Aisialdi eskaintza egiten du euskarazko jarduerak eskura jarrita.

Inskripzioa egiteko dokumentua hemen deskargatu daiteke. 

Aurkezpen jaia

Programaren lehen ekintzak aurkezpenak izango dira, Okondon eta Artziniegan. Okondon irailaren 24an egingo dute eta Artziniegan 25ean. Azken egun horretan puzgarriak, tailerrak eta talde argazkia antolatuko dituzte.

Baliabideei dagokienez, motibazioa lantzeko bideoak eta Euskararen Erreminta Kutxa zabalduko dituzte gurasoen artean Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak, AEK-k, Laudioko Udal Euskaltegiak, Udaberria Euskaltegiak eta eskualdeko ikastetxe eta haurreskolek.

Halaber, bidean da Euskara-Arabiera-Amazigera hiztegia, ikasturtean argitaratuko diren hiru poltsiko hiztegietako lehena.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide